URTEKO BALANTZEA

Beste urte berezi bat elkarrekin, kalitatezko kazetaritza bidelagun

Beatriz Zabalondo - Martxelo Otamendi
2022ko urtarrilaren 17a
13:53
Entzun

Bukatu berria da 2021. urtea, COVID-19aren pandemiaren bigarren urtea. 2020aren balantzea egin genuenean, itxaropenez begiratzen genion 2021ari, txertoa iristear baitzen, baina baita zuhurtziaz ere, pandemia atzean uztea nekeza izango zelakoan. Urtebete igarota, seigarren olatuan sartuta gaude; oraindik ere pandemiak gure bizitza baldintzatzen du, nahiz eta oldarraldi honen ondorioak ez diren aurrekoetan bezain latzak; zabalak bai, ordea.

Informazio zuzena eskura edukitzea beti izan da garrantzitsua: herritarren eskubidea da. Are gehiago krisi garaietan. Eta hedabideen lana hain da garrantzitsua, ezen gobernuek oinarrizko jardueratzat aitortu baitute pandemia hasi zenez geroztik. Zinez, pandemia honek balio izan digu hedabideak ezinbesteko direla ohartarazteko. Zailtasunez betetako hilabeteotan ikusi dugu BERRIAren jarduna ezinbestekoa izan dela kalitatezko informazioa jasotzeko gose ziren euskal irakurleentzat, informazio zuzena bilatzen dutenentzat. Zailtasunak zailtasun, eta, gizarte osoaren antzera nekea nabaritu arren, 2021ean ere BERRIAren lantalde osoak gogoz eutsi dio bere egitekoari: kalitatezko kazetaritza egiteari, egiarekin engaiatua, iturrietan kontrastatua, ikuspegi kritiko eta independentearekin.

Kazetaritza ardatz

BERRIAk eskura dituen baliabide guztiak eta lantalde osoaren talentu eta profesionaltasuna jarri ditu kalitatezko kazetaritza egitearen zerbitzuan: irizpide zorrotzei lotutako informazioa bildu eta osatutakoa emateko, eta errealitatean gertatzen denaren interpretazioa eskaintzeko, betiere gizarteak esku artean dituen erronkei egoki aurre egiten laguntzeko asmoz.

COVID-19aren gaitzak eragindako osasun krisia izan da lehentasun informatiboetako bat 2021ean. Pandemiaren bilakaera datuen bidez monitorizatzen jarraitu dugu: grafikoak eta mapak berrantolatu ditugu, Euskal Herrikoak zein mundukoak, eta txertaketaren bilakaera eta proiekzioa ikusteko bisualizazio berriak sortu ditugu. Gertaerei argi egite aldera, ertz guztietatik heldu diogu gaiari, pandemiari aurre egiteko neurrien jarraipen zorrotza eginez, ondorioak argitara ekarriz eta gogoetari leihoa irekiz. Aipagarriak dira, besteak beste, pandemia buru osasunean eta emakumeen egunerokoan izaten ari den eragina ikusgai jartzeko lanak, sortzaileekin egindako webinarrak, Pentsaldian iritzi bilduma, Sei gogoeta izurriaz elkarrizketa sorta eta adinekoen arrakala digitalaren azterketa.

Bestelako krisi globalei ere heldu die BERRIAk 2021ean: munduko gaiei jarraipena egin diegu, baina hemengo errealitatetik begiratuta. Hala nola larrialdi klimatikoa jorratu dugu COP26 biltzarraren berri Glasgowtik bertatik emanez, Pirinioetako glaziarren egoera aztertuz eta eukaliptoaren arazoa arakatuz, besteak beste. AEBetan, Katalunian eta Korsikan izan gara, hauteskundeak bertatik bertara kontatzeko, eta baita Eskozian ere, erreferendum berri bat lortzeko dinamika ezagutu eta kontatzeko. Migrazioaren eta errefuxiatuen krisiari ere heldu diogu, ikuspuntu eta talaia askotatik: Turkiaren eta Europako Batasunaren arteko mugatik, Afganistandik Triestera oinez iritsitakoen kanpalekutik eta Bidasoa zeharkatu nahian hildakoen tragediatik.

Gertuko gaietan, Zaldibarko hondamendiaren berri ere xehe-xehe eman dugu. Luiziaren urteurrenean, zabortegiaren instalazioetan izan zen BERRIAko kazetari bat, eta bertatik azaldu zuen bideo batean zertan zen Joaquin Beltran langilearen gorpuaren bilaketa. Halaber, hildako langileen senideen lekukotasunak biltzen dituen ikus-entzunezko erreportaje bat ere argitaratu genuen. Hondamendiaren kausei buruzko txostena ere argitaratu zuen kazeta honek, baita enpresa jabearen irabaziei buruzko azterketa ere, eta enpresa hori likidatzen hasi zirela ere aurreratu genuen.

Gure hurbilean kezka iturri diren hainbat gai landu ditu BERRIAk aurreko urtean. Zerrenda luzea da, baina merezi du adibideren bat aipatzea: etxebizitzaren arazoa, emakumeen kontrako indarkeria, Hego Euskal Herrian eutanasiarako eskubidea arautu izana, murgiltze ereduaren egoera eta Ipar Euskal Herrian sortutako kinka larria, makroetxaldeak, Donostiako Metroko obrak eta langileen testigantzak, Bergarako hondakinen planta, Itoizko urtegiaren aurkako sabotaje ekintzaren 25. urteurrena, Joseba Sarrionandiaren itzulera..

Euskal kulturari ekarpena egiten jarraitu dugu 2021ean. Bi mendeurren esanguratsu jorratu ditugu. Batetik, Mixel Labeguerie musikari lapurtarraren jaiotzaren mendeurrena. Horren harira, besteak beste, haren kantuekin Olatz Salvadorrek, Joseba Irazokik, Pettik, Amaia Hiriartek eta Jurgi Ekizak egindako bertsioak argitaratu ditugu. Bestetik, Martin Ugalde kazetari eta idazlearen jaiotzaren mendeurrena landu dugu. Kulturaren arloan, gutxik ezagutzen duten beste gai bat ere atera dugu argitara: ETAk bildutako artelan galduak. Itzalean zegoen gertaera baten kontaketa da, eta thriller on baten osagaiak ditu. Eskaintza bereziak ere egin ditugu: Ramon Agirrek Joan-etorriko paperak argitaratu zituen kazeta honetan, La casa de papel grabatzen ari zen artean idatzia. 2021eko disko eta liburuen erakusleihoa ere atondu dugu.

Balantze azkar hau amaitzeko, hiru aipamen berezi. Lehenik, Tokioko Olinpiar Jokoak. Pandemiaren eraginez, urtebete geroago jokatu dituzte, eta baldintza berezietan. Kirol gertakari horren jarraipen zabala egiteaz gain, BERRIAk bi kazetari izan ditu Tokion bertan, euskal kirolarien jardunaren berri gertutik eta geure lanketatik emateko. Bigarrenik, Aieteko Adierazpenaren hamargarren urteurrenean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia elkarrizketatu du egunkari honek, eta agintaldiko elkarrizketa prozesu haren hainbat zertzelada argitara eman. Azkenik, urrian abiatutako BERRIA Ikasgela proiektua nabarmendu nahi dugu. 12 urtetik gorako ikasleei begira, eduki osagarriak bildu ditugu webgune erakargarri eta erabilgarri batean, BERRIAk argitaratzen dituen edukien artean egokienak aukeratuta eta egokituta. Azken batean, tresna garrantzitsu bat jarri dugu irakasle eta ikasleen esku, euskarazko hezkuntza osatu eta hobetzeko.

BERRIAlagunak oinarri

Herri ekimenez sortutako proiektua da BERRIA, bere garaian Euskaldunon Egunkaria izan zen bezala. Joan Mari Torrealdairen esanetan, Egunkaria«gizarte zibilaren arrakasta» izan zen, eta BERRIA ere halaxe da. Egunero BERRIA egin, irakurri, zabaldu, lagundu edota babesten dugunon ondarea da. Euskararen altxorra da.

Irakurleengan oinarritutako proiektu komunikatiboa da BERRIA. Irakurleen zerbitzuan dagoena eta, nagusiki, irakurleek sostengatua. Izen ere, BERRIAren diru sarrera nagusia irakurleongandik dator: harpidetzen, kioskoko salmenten eta BERRIAlagunen ekarpenen bidez. Irakurleek bermatzen dute, beraz, BERRIAren independentzia ekonomiko eta editoriala. Eta, azken batean, irakurleak dira BERRIAren etorkizunaren bermea. Are gehiago krisi garai hauetan.

Krisi ekonomikoa, osasun krisia, krisia hedabideen munduan... Garai zailak informatzearen eginkizuna duin betetzeko. Aldagai askoren eraginez, paperari lotutako diru sarrerek (salmenta eta publizitatea) murrizteko joera hartu dute, eta, erronka informatiboei aurre egiteko, gero eta garrantzitsuagoa izango da irakurle komunitatearen sostengua. Hori da gure itxaropena eta helburua: urtez urte BERRIAlagun komunitatea sendotu eta handitzea. Inoiz baino gehiago, BERRIAren iraupena eta independentzia komunitate horren sostenguaren esku daude. BERRIAren eginkizun informatiboa eta euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana estimatzen duen komunitatearen laguntza ezinbestekoa da. 2021ean, handitu egin dugu komunitate konprometitu hori —dagoeneko 14.500 BERRIAlagun gara—, baina, etorkizuna bermatua izateko, zabaltzen jarraituko dugu.

Hurrengo hitzarmena

2019an, hiru urterako hitzarmena sinatu genuen BERRIAk eta Eusko Jaurlaritzak. Urtean 2,3 milioi euroko ekarpena egin dio Eusko Jaurlaritzak euskarazko egunkariari, harrezkero. Laguntza horrek BERRIAren aurrekontuaren %30 betetzen du. Bistan denez, proiektuaren habe garrantzitsua da ekarpen publikoa, baina gure egunkariaren sostengu nagusia autofinantzaketa da (salmentak, publizitatea eta BERRIAlagunak).

Hitzarmena beste hiru urterako luzatzea adostu dugu BERRIAk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, %5eko igoerarekin. Aipatu ditugun arrazoiengatik, orain artekoari hainbestean eusteko aukera emango digu laguntza horrek, baina nekez helduko diegu etorkizuneko erronkei bestelako diru sarrerarik gabe. Datozen urteetako erronka nagusiak berrikuntza eta digitalizazioa ditugu; gizarte osoa digitalizazio prozesu betean sartuta dago, eta euskal kazetaritzak ere hala behar du, aurrera duintasunez egingo badu.

Komunitate gisa, modernizazioari eta eguneratze teknologikoari heldu behar diegu, euskarazko ekoizpenak sustatu eta indartzeko bidean. Erronka horiei aurre egiteko, dedikazioa eta baliabideak behar ditugu. Euskal hedabideen sektore osoak aurrerapausoak emateko sustapen gehigarria behar du, atzean geratuko ez bada, euskal kulturaren ekosistema osoa indartzeko. Testuinguru horretan, BERRIAk ere behar-beharrezkoak ditu berariazko baliabideak eta laguntza publikoak etorkizunari eta digitalizazioari aurre egiteko.

Pandemiak zaildu egin du hedabideen egoera zaila, lehendik ere zaila baitzen. Hala ere, egunik galdu gabe eta urgentziari puntual erantzunez, ezinbesteko zerbitzua eskaintzeko ahalegina egin dugu azken urte honetan ere, eragozpen eta galera ekonomikoen gainetik. Ongi etorria izan da «pandemiaren kalte ekonomikoak arintzeko» Eusko Jaurlaritzak azaroan onartutako diru laguntza berezia (guztira, bost milioi euro; BERRIArentzat, 290.000 euro), baina, Hekimen Elkarteak eskatu bezala, diru laguntza hori gainerako euskarazko hedabideei zabaldu beharko litzaioke. Inoiz baino garrantzitsuagoa baita euskarazko kultur ekosistema osatzea eta sendotzea.

Emakunde saria

Berri pozgarri batekin amaitu dugu 2021. urtea: Emakunde Saria jaso du BERRIAk. Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konprometitutako kazetaritza goraipatu nahi izan du Emakundek. BERRIAri ez ezik, Pikara Magazine aldizkariari eta Lucia Martinez Odriozola kazetariari ere eman die saria —iazko abuztuan hil zen Martinez—.

Kanpoko errekonozimendutik harago doa BERRIA Taldeak berdintasunarekin daukan konpromisoa. Bigarren Berdintasun Plana onartzeko azken fasean sartuta gaude, proiektu eta produktu berdinzaleagoa lortzeko helburuz. Orain arteko bideak aukera eman digu BERRIA Taldearen diagnostikoa egin eta indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko. Berdintasun Plana baliabide bat da guretzat, helburu bat baino gehiago; abiapuntua ere ez da, BERRIA Taldean aspaldi hasita baikaude berdintasuna lantzen. Plan horien balio nagusia zera da, bidea egituratzen dutela, ikusarazten dutela eta gure konpromisoa biltzen dutela. Hain zuzen, Estilo Liburuan jasota dago BERRIA Taldeak berdintasunarekiko duen konpromisoa.

Itxaropenez begiratzen diogu etorkizunari. Kezkaz, baina, batez ere, itxaropenez. Izan ere, lantalde prestu eta konprometitua izateaz gain, bidea gurekin egiten ari den BERRIAlagun komunitate sendoa dugu. Indarra eta bultzada ematen digun komunitate bat. Aurrera egiteko eskatzen diguna. Euskaraz ongi informatuta bizitzeko premia dugu euskaldunok, eta BERRIAk hizkuntzarekin eta kulturarekin betidanik izan duen konpromisoari helduta jarraituko du. Ez dizu huts egingo. Eskerrik asko!

Beatriz Zabalondo, BERRIA Taldeko lehendakaria
Martxelo Otamendi, BERRIAko zuzendaria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.