Zabaldu dute Euskarabenturan izena emateko epea

Hamasei eta hamazazpi urteko 130 gaztek egingo dute espedizioa, uztailaren 1etik 31ra. Aurkezpen bideo bat eta gogoetarako proiektu bat egin beharko dituzte parte hartu nahi dutenek, gai hauei buruz: ikastetxeetako jolastokiak eta bertako dinamikak, arropa eta jantzien kontsumoa edota Euskal Herriko historia. Martxoaren 4ra artean ematen ahalko da izena.

Euskarabenturak laugarren aldia izanen du 2022ko udan, eta jadanik badago izena emateko aukera: 16 eta 17 urteko gazteak deitu dituzte espedizioan parte hartzera (2005ean edo 2006an sortutakoek). Antolatzaileek «Euskal Herriko zein diasporako gazteak» animatu nahi dituzte abenturan parte hartzera.

Uztailaren 1etik 31ra bitartean egin nahi dute 2022ko espedizioa, Mauletik Getxora (Bizkaia). Zeharkaldiaren helburu nagusiei helduko dietela nabarmendu du Irati Labaien Euskarabenturako kideak: «gazteen artean euskararen erabilera sustatzea», «gazteen artean sare bat sortzea» eta «euskal kultura eta herria ezagutzea». 


Itsasoak toki berezia izango du 2022ko aldian. Izan ere, 500 urte beteko dira munduari lehenengoz bira eman ziotenetik, eta Euskal Herriko historian itsasoak izan duen lekuari erreparatzeko baliatuko dute espedizioa. Horretarako, Elkano Fundazioarekin «elkarlanean» ariko dira. Batera antolatuko dituzte espedizioko hainbat ekintza.

Aurten 500 urte beteko dira munduari lehenengoz bira eman ziotenetik, eta Euskal Herriko historian itsasoak izan duen lekuari erreparatzeko baliatuko dute espedizioa.

Halaber, «osasuntsuak» diren beste zenbait balio sustatzen ahalegintzen direla gaineratu dute Euskarabenturaren antolatzaileek. Izan ere, ibilaldia egin nahi dutenek gogoetarako bide emango duen proiektu bana egin beharko dute, euren buruaren inguruko bideo aurkezpenaz gain. Honako gai hauek eman dizkiete antolatzaileek aukeran horretarako: egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan izaten diren dinamikak, arropa eta jantzien kontsumo eredua, eta Euskal Herriko historia. Bildutako proiektuak Eusko Ikaskuntzak eta Puntueus fundazioak ebaluatuko dituzte, eta apirilaren 24an jakinaraziko dute espedizioan parte hartuko duten 130 gazteen zerrenda.

Ikerketa bat ere bai

Espedizio ibiltaria ez ezik, ikerketa bat ere martxan dauka Euskarabenturak, «gazte euskaldunen kasuan hizkuntza mudantzacloseHizkuntzaren erabileran izaten diren aldaketak. izeneko fenomenoaren atzean dauden faktore nagusiak zeintzuk diren ulertzeko». Soziolinguistika Klusterrarekin eta EHUko zenbait ikertzailerekin elkarlanean ari dira egiten.

Parte hartzen dutenen %85ek adierazi dute espedizioak euskara maila hobetzeko balio izan diela.

Lau urtekoa izango da ikerketa, eta, lehen emaitzak udaberrian argitaratuko badituzte ere, aurrerapen bat egin zuen Labaienek, emaitzetatik bi nabarmenduta: espedizioan parte hartzen dutenen %85ek adierazi dute espedizioak euskara hobetzeko balio izan diela, eta %92k agertu dute borondatea euskara sustatzeko ahalegina egiteko, behin Euskarabentura amaituta.

Jatorrizko artikuluak