Pablo Gonzalez kazetariak Polonian preso jarraituko du gutxienez azaro arte

  • 464 hitz
  • Albistea entzun

Otsailaren 28tik dago preso Polonian, 'espioitza' egitea leporatuta. Atxilotu zutenean, hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta beste hiru hilabete luzatu zioten maiatzaren amaieran. Espetxean daraman hilabeteotan ez da mintzatu ez senideekin, ez konfiantzazko abokatuarekin.

Pablo Gonzalez kazetaria otsailaren 28tik dago behin-behinean preso Poloniako kartzela batean, eta Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak erabaki du beste hiru hilabetean behintzat kartzelan egon beharko duela (maiatzaren amaieran ere beste hiru hilabete luzatu zioten espetxealdia).

Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egitea egozten diote, baina Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyek esan du frogarik ez dutelako luzatu diotela espetxealdia: «Frogaren bat edukiko balukete, jakingo genuke, mahai gainean egongo lirateke». Halaber, gaitzetsi du oraindik ezin izan dutela kazetariarekin hitz egin.

Informazio gutxi kazetariari buruz

Martxoaren amaieran, paragrafo eskas batzuetako ohar batean eman zien Poloniak kazetariaren senideei haren egoeraren berri. Gutunean, argudiatu zuten «atzerriko inteligentzia ekintzetan» parte hartu izanaren «susmopean» atxilotu zuela Poloniako Barne Segurtasun Agentziak kazetaria, otsailaren 27ko gauean.

Pablo Gonzalez kazetaria, Ukraina ekialdeko Dnipor herriko lantegi batean, otsailaren 2an. PABLO GONZALEZ

Gonzalez Przemyslen atxilotu zuten, Ukrainako mugatik kilometro gutxira. Orduan, Errusiako zerbitzu sekretuetako agente izatea leporatu zioten; hau da, espioi bat izatea. Polonian, hamar urteko espetxe zigorra jar dezakete delitu horregatik. Bikotekideak jasotako oharraren arabera, «Errusiaren onerako operazioak» egin zituela erakusten duten «frogak» daude. Halere, aipatzen den bakarra da kazetari gisa «libre» bidaiatu izan duela, baita «gatazka militarrak eta tentsio politikoek jotako lurraldeetara» ere: «Atxiloketaren aurretik, Ukrainara bidaiatzeko asmoa zuen, bere jardunarekin jarraitzeko».

Poloniaren arabera, «Errusiaren onerako operazioak» egin zituela erakusten duten «frogak» daude. Halere, aipatzen den bakarra da kazetari gisa «libre» bidaiatu izan duela.
Errusiar pasaporteak eta Ukrainako zerbitzu sekretuak

Kazetaria aipatzeko, Pavel Rubtsov eta Aleksei Rubtsov izenak ere erabiltzen ditu gutunak. Horiek, senideen arabera, Gonzalezek errusiar pasaportean duen deitura eta haren aitarena dira, hurrenez hurren. Izan ere, haren gurasoak banatzean hartu zuen Pablo Gonzalez deitura —errusiar izenaren itzulpena eta amaren abizena dira—, baina ez zituen aldatu errusiar dokumentazioan. Hala, ingurukoen kezka da haren aurkako ustezko frogen artean egotea identitate ezberdinak dituelako ustea. 

Gonzalezek otsailaren 25ean hartu zuen Varsoviarako hegazkina, gero handik mugara joateko asmoz, Ukrainatik ihes egindako errefuxiatuen egoeraren berri ematera joan baitzen. Hilabete lehenago, Donbassen kazetari lanetan ari zela, Ukrainako zerbitzu sekretuen dei bat jaso zuen. Lehenbailehen Kievera joateko esan zioten, galdeketa bat egin ziezaioten. Público-k zabaldu zuenez, galdeketa horretan «errusiazaletzat» jo zuten Gonzalez, Gara-rentzat lan egin izana egotzi zioten, eta susmagarritzat hartu zuten, Laboral Kutxako kreditu txartel bat izateagatik. Errusieraz ondo jakiteak eta inguru hartaz zuen ezagutzak ere sorrarazi zizkien susmoak zerbitzu sekretuei, hedabide horren arabera. Azkenean, hiru eguneko epean Ukrainatik alde egitera «gonbidatu» zuten, nahiz eta kanporatze agindurik ez zioten ezarri.

Artean Ukrainan zegoela, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak Gonzalezen senideen etxera joan ziren, Euskal Herrian eta Katalunian.

Artean Ukrainan zegoela, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak Gonzalezen senideen etxera joan ziren, Euskal Herrian eta Katalunian, Gonzalezen inguruko informazio eske. Horren berri izatean, Boyek Gonzalezi eskatu zion lehenbailehen Espainiako Estatura itzultzeko, abokatuak BERRIAri adierazi zionez. Etorri zenean, baina, inork ez zuen harengana jo. «Berriz hara itzuli arte itxaron dute haren kontra egiteko», gehitu zuen abokatuak.