URTEKARIA: POLITIKA

Polemikak ez du eraitsi gobernua

Nafarroako Gobernuaren egonkortasuna hankaz gora geratu zen ekainaren 12an, Guardia Zibilak Santos Cerdan sozialista ustelkeria kasu baten erdian jarri zuela eta. Batzorde bat osatu da ikerketapean diren enpresen adjudikazioak aztertu eta egoera argitzeko

(ID_14797131) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2025-03-22, Iruñea. PSNren 13
Iruñeko Baluarten, PSNren XIII. kongresuan, Maria Txibite, Pedro Sanchez eta Santos Cerdan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko abenduaren 19a
05:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dena zihoakion ongi Nafarroako Alderdi Sozialistari. Aurreko urteetan legez, PSNk gidatutako gobernua egonkor zegoen, eta eskuineko oposizioa, ezinean. Une politiko on horren erakusle, arrakasta betean ospatu zuten sozialistek XIII. kongresua, martxoaren 21ean eta 22an. Hautagai bakarra izanik, Maria Txibite hautatu zuten berriz militanteek idazkari nagusi izateko, eta kongresu haren amaieran izendapen hura berretsi zuen PSOEko buruzagi nagusiak, Pedro Sanchezek. Haien ondoan eserita zegoen Santos Cerdan, PSOEko Antolamendu idazkaria. Dena zen zoriontasun eta irribarre. 

Eta bat-batean irribarreak izoztu egin ziren ekainean. BERRIAri maiatzean emandako elkarrizketan, Txibitek onartu zuen Santos Cerdanek «funtsezko rola» jokatu zuela 2019an, PSOEk PSNren norabide aldaketa eta gobernua osatzeko akordioa babes zezan. Hilabete geroago, ekainaren 12ko arratsean, Txibite negarrez agertu zen komunikabideen aurrean. Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak Espainiako Auzitegi Gorenari aurkeztutako txostena filtratu egin zen, eta haren edukiak Cerdan seinalatzen zuen. Lur jota, Txibitek adierazi zuen Cerdani buruz irakurritakoa ez zetorrela bat berak ezagutu zuen pertsonarekin: «Nire alderdikidea eta laguna da. Eta uste dut denok errespetatu behar dugula haren errugabetasun presuntzioa, epaiketarik ez dagoen bitartean. Espero dut Santos gai izatea errugabea dela frogatzeko»

Ziurrenik, urtebete lehenago guardia zibilek Koldo Garcia Huarteko zinegotzi izandakoa atxilotu zutenean, Sarasate pasealekuko egoitzan inor gutxik pentsatuko zuen kasu hark alderdia zipriztinduko zuenik. Pandemiaren garaian bat-bateko prozedura bidez milioika maskara erosteko sei kontratuk piztu zuten susmoa, eta ikerketa abiarazi. Erosketa hartan inplikatuta zegoelako atxilotu zuten Garcia. Haritik tiraka, mataza handiagoa zela atzeman eta Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministro izandakoa (2018-2021) tartean zegoela jakin zuten. Ordura arte, Cerdanen gaineko susmo batzuk bazeuden ere, hark irmo ukatzen zuen, eta PSNk eta PSOEk esaten zuten alderdia inplikatzeko operazio bat zegoela.

Ekainaren 12a, mugarria

Ekainaren 12a mugarri izan zen, dena aldatu baitzen Cerdanentzat. Egun batzuk lehenago, guardia zibilek Servinabar izeneko enpresa baten egoitza miatu zuten Iruñeko Gazteluko plazatik gertu. Handik gutxira jakin zen zergatia. Lurrikara politikoak Nafarroa astindu zuen, Guardia Zibilak Nafarroan kokatzen zuelako ustelkeria kasu haren sorburua. UCOren tesi nagusia zen Cerdanek ―Milagroko hautetsi zen garaian― eta Servinabar enpresako buru Antxon Alonso elgoibartarrak Milagron elkar ezagutu zutela; eta 2015etik aurrera, jada PSNko Lurralde Antolamenduko idazkari zela, harreman sare bat antolatu zutela Accionarekin euren eragin politikoa etorkizunean enpresaren interesen alde baliatzeko, ustez legez kanpoko ordainsarien truke. Hari haren arabera, Geoalcalik Zangozaldean bultzatu nahi duen meatokia izan zen harreman haren lehen helburua. Hiruki haren erpinean, Acciona zegoen; beste aldean, Cerdan eta haren kolaboratzaile Koldo Garcia Huarteko zinegotzi ohia; eta, tartean, Servinabar. Lehen txostenak, baina, ez zuen argi uzten nola trinkotzen zen erlazio hura.

Harreman sarearen sorburua Nafarroan kokaturik ere, ustezko irregulartasunak Espainian jazo zirela zioen txosten hark. Izan ere, 2017an, Pedro Sanchezek PSOEko idazkari nagusi izendatu eta Cerdan eta Garcia Madrilerantz zuzendu zirenean, orduan trinkotu zen harremana. Haiei Abalos gehitu zitzaien, UCOren arabera, eta 2018an Sustapen ministro izendatu zutenean, libre zuten irregulartasunetarako bidea. Espainian eta Katalunian adjudikatutako 11 herri lan zeuden susmopean. Txosten hark jasotako entzuketetan eta zantzuetan oinarrituta, legez kanpoko komisioak kobratzea eta erakunde kriminal bat osatzea leporatzen die Leopoldo Puente Goreneko magistratuak akusatuei, eta, Cerdanen kasuan, hura espetxeratzeko agindu zuen, frogak deuseztatu zitzakeela argudiatuta.

Eskandaluak gogor jo zuen Nafarroako Gobernua, eta haren zutarriek dar-dar egin zuten. Are: handik egun gutxira Ramon Alzorrizek, alderdi barruan Txibiteren konfiantza handieneko gizonak, jendaurrean aitortu zuen bere bikotekideak Servinabarrentzat egin zuela lan. Legez kanpoko ezer egonik ere, bere konfiantza urratu eta eledun eta presidenteorde kargutik kendu zuen Txibitek. Alta, alderditik kanpoko begiradentzat, berriro ere Alderdi Sozialista zen ohiko susmagarria, istorio haren protagonista. Nafar askoren eta gobernuko bazkideen oroimenean gordeta zegoen 1996an Suitzako kontuekin gertatutakoa. Nafarroako politikaren erlojuaren orratzek hiru hamarkada atzera egin zezaketen berriro, eskuinari botere politikoa oparituz.

Ikerketa batzordea, aurrera

Konfiantza politikoa krisian egonik ere, une hartan esku artean ziren elementuei erreparatu zieten alde guztiek. Batetik, nahiz eta Nafarroako Gobernuak hainbat herri lan esleitu Accionari eta Servinabarri, ez zegoen une hartan irregulartasunen zantzurik. Bigarrenik, aurretik Abalosekin egin bezala, Cerdanekin lotura oro hautsi zuen alderdi sozialistak. Hirugarrenik, enpresei adjudikatutako kontratuak eta prozedurak aztertzeko eskatu zien gobernuak Kontuen Ganberari, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoari eta kanpoko ikuskaritza bati. Azkenik, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak beharrezkotzat jo zuten ikerketa batzorde bat eratzea, susmo eta zalantza oro uxatzeko, eta PSNk onartu egin zuen. 

Espainiako Senatuan PPk hilabete batzuk lehenago abiatutako ikerketa batzordeak aditzera ematen zuen egoera argitzeko baino gehiago ikuskizun politikorako erabil zezakeela, eta, horregatik, hasieran irailerako atzeratu nahi izan zuten Nafarroako ikerketa batzordea. Alta, arrisku hori egonik ere, presioaren aurrean, uztail hasieran aktibatu zen batzordea. Lehenik, informazioa eskatu zitzaien hainbat erakunderi eta auzitegiri, eta dokumentazio guztia lortzeko arazoak egon baziren ere, aurrera egiteko nahikoa oinarri izan zuten. Nafarroako administrazioaren eta Acciona eta Servinabarren arteko harremana Yolanda Barcinaren gobernuraino heltzen zenez, 2012tik gaurdainoko esparru zabala hartu zuen ikertzeko batzordeak. Ondoren, zehaztu zuten zer berrogei pertsona pasatuko ziren batzordetik eta nondik hasi ikertzen: Belateko tunela zabaltzeko lanetatik

Aspalditik salatu zuen UPNk herri lan horiek legez kanpo adjudikatu zirela, eta kontratazio mahaiko buru Jesus Polori leporatu zion puntuazioa manipulatu zuela. Irailean, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ondorioztatu zuen kontratu hura bidegabea zela, argudiatuta kontratazio prozedurako arauak hautsi zirela. Kontuen Ganberak, berriz, ondorioztatu zuen legediaren arabera egin zela adjudikazioa, ez zela erabat «kontabilitate arloko edo beste inolako erantzukizunik» atzeman, baina bai prozeduraren inguruko irregulartasun eta akatsak. Nafarroako Gobernuak azpimarratu zuen bi erakundeen artean «kontraesan juridikoak» zeudela, eta bien artean auzi hori ebazteko legitimitate handiagoa zuela Kontuen Ganberak.

Eskuinaren bertsioa, hankaz gora

Urriaren 14tik aurrera, kontratazio mahaiko zortzi kideak pasatu ziren, eta agerraldiok agerian utzi zuten adjudikazio prozesuan talka handia egon zela ingeniarien eta aditu juridikoen artean. Bertan, idazkari judizialak salatu zuen kontratazio mahaiko presidentea enpresen eskaintzak bozkatzen azkena izan zela eta iradoki zuen bozketa moldatzeko aukera izan zuela. Gero, gehitu zuen ebazpen teknikoa ez zegoela juridikoki ongi arrazoitua, eta, kide teknikoek azalpena lau aldiz aldatu bazuten ere, amaieran aditu juridikoek adjudikazioaren kontra bozkatu zuten. Batzordean, Jesus Polo kontratazio mahaiko buruak ukatu egin zuen bera izan zela bozkatzen azkena, eta horrek goitik behera aldarazi zuen manipulazioaren bertsioa.

Batzordearen bilakaerak hankaz gora jarri zuen eskuineko oposizioaren kontakizuna, eta ekaineko krisi politikoa atzean uzteko moduan zirela ikusi zuten gobernuko bazkideek eta EH Bilduk. Nafarroaren egoerari buruzko osoko bilkuran, kasurako, Maria Txibitek nabarmendu zuen gobernua eraisteko operazio bat zegoela atzean: «Galdu esperantza oro; ez duzue gobernu hau eroraraziko». Alta, berriro ere, alderdien arteko konfiantza auzitan jarri zen. Batetik, UCOk beste txosten bat kaleratu zuen: bertan zioen Accionak 6,7 milioi euro ordaindu zizkiola Servinabarri eta hark, berriz, gutxienez 181.000 euro ordaindu zizkiola Cerdani, hainbat fabore eginda—senideak kontratatuz, Madrilen etxebizitzak kontratatuz eta kreditu txartelak emanda—. Gorenak Cerdan aske utzi zuen, baina bere kontrako zantzuak «indartu» egin zirela azaldu zuen. Aldiz, defentsak berretsi zuen Cerdan «errugabea» zela.

Bestalde, uztailean gobernuak onartu zuen Belateko tunelen lanek zortzi milioi euroren gainkostuak izan zituela baina ustekabeen ondorio izan zirela. Abenduan, kontu hartzaile nagusiak ondorioztatu zuen 6,2 milioi ez zeudela egoki arrazoituta eta «enpresen interesen araberakoa» zela. Ondorio horren aurrean, Geroa Baik, EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak erantzukizun politikoak hartu eta dimisioak eskatu zituzten. PSNk azkenik onartu zuen herri lan horren zuzendari nagusia kargugabetzea. Dena den, polemika guztiak ez zuen lortu gobernua eraistea. Ikusi beharko da zer gertatzen den 2026an.

AURREKONTUAK ETA ZERGAK, AURRERA

Nafarroako Gobernuak aurrera jarraitu du. 2026ko aurrekontuen lege proiektua hitzartu du EH Bildurekin, eta haren abstentzioari esker aurrera atera ziren aurrekontu publikoak atzoko osoko bilkuran. Orotara, 6.741 milioi euroko aurrekontua izango da, eta, finantza gastuak kenduta, 6.318 milioi izango ditu gastu eta inbertsio publikorako.
Horrez gain, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak errenta eta sozietate zergak moldatzeko akordioa lortu zuten, eta atzo atera ziren aurrera parlamentuan. Batetik, 1.300 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko da kenkari bidez. Bestetik, 17.000 eurotik beherako errenta dutenek ez dute errenta zerga pagatu beharko, eta 32.000 eurorainoko errenta dutenei kenkari pertsonalak aplikatuko dizkiete. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.