‘The Lord of the Rings’ euskarara bikoiztuko dute

  • 288 hitz
  • Albistea entzun

Estreinaldiaren egunean, euskarazko azpidatziekin ikusi ahal izan da telesaila. Amazoneko iturriek esan dute euskarazko bikoizketa egun batzuk geroago iritsiko dela. Lehen denboraldiak 388 milioi euro inguruko aurrekontua du.

Bilboko Mixer estudioan bikoiztuko dituzte lehen denboraldiko atalak. Estudioko iturriek «talde lana» nabarmendu dute. Estudioko ordezkari batek esan du alde guztiak «ahalegina» egiten ari direla, «gogotsu», «dena ondo bideratzeko». 

Lehen atalaren irudi bat, euskarazko azpidatziekin.

Telesailaren lehen denboraldia ez dute osorik eta batera estreinatuko —irailaren 2an egin zituzten lehen emanaldiak—. Lehenbizi, atal bat edo bi izango dira, eta, ondotik, astean behin sareratuko ditu atalak Amazon Prime Videok. Hain justu, plataformak iragarri du harpidetzaren kostua garestitu egingo duela irailean.

Amazon plataformak iragarri du harpidetzaren kostua garestitu egingo duela irailean.

The Lord of the Rings: The Ring of the Power-en istorioak J.R.R. Tolkienen liburuko eta Peter Jacksonen filmetako garaia baino milaka urte batzuk lehenago gertatzen dira. Erdiko Lurraldearen bigarren aroan hasten da, hain zuzen ere. Boterearen eraztunak sortu ziren unea jasoko da, Sauron ilunaren sorrera, Numenor erreinuaren historia, eta elfoen eta gizakien arteko aliantza.

Bigarren denboraldia ere grabatu dute jada. Lehen zortzi atalak Zeelanda Berrian filmatu zituzten; bigarren denboraldia, berriz, Erresuma Batuan.


Ez da nolanahiko ekoizpena Amazon Prime Videorena: lehen denboraldiak 388 milioi euro inguruko aurrekontua du. HBOren Game of Thrones-en denboraldi bakoitza kostatzen zen halako lau izango da The Lord of the Rings-en kostua. BERRIAk jakin duenez, katalanera ere bikoiztuko dute Amazonen telesaila.

Animazioa euskaraz Netflixen

Fantasiazko ekoizpen garestia izango da Amazonek euskarara bikoiztuta estreinatuko duen lehen telesaila. Katalogoan, bost film daude euskarazko audioarekin.

Netflixek, berriz, abuztuan euskarara bikoiztutako animaziozko lehen telesaila estreinatu du: Super Giant Robot Brothers. Euskarara bikoiztuta katalogoan jarri zuen lehen filma The Sea Beast izan zen. Dortoka ninjen film berria ere euskarara bikoiztuta estreinatu du Netflixek.

Dortoka ninjen film berria ere euskarara bikoiztuta estreinatu du Netflixek.

Amazon Prime Videon zein Netflixen hainbat filmeren euskarazko azpidatziak jartzen ari dira azkeneko asteetan.

Jatorrizko artikuluak