Urteko hitza

‘Eskuin muturra’ da 2025eko hitza, BERRIAko euskara taldearen arabera

Hilabete bakoitzeko, askoren ahotan ibili den hitz bat hautatu du euskara taldeak. Hona urtearen errepaso bat, artikuluz, bideoz eta argazkiz hornitua.

Zenbait gazte Falange Espainolak urriaren 12rako deitutako ekitaldi batean, Gasteizen. AITOR KARASATORRE / FOKU
nerea intxausti
2025eko abenduaren 29a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nabarmena da eskuin muturrak mundu guztian izan duen gorakada. Amaitzear den urte honetan, Kast ultraeskuindarrak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak Txilen, eta Nawrocki ultrakontserbadoreak Polonian, esaterako. Zenbait herrialdek eskuinera egin dute, eta eskuin muturrarekin bat eginez topatu dute zenbait gobernutara heltzeko bidea. Bide beretik, Trumpek urtarrilean hartu zuen kargua. Kasualitatea ote?

Urtearen nondik norakoak ondoena deskribatzen dituen hitza eskuin muturra bada ere, euskara taldeak hitz bat hautatu du hilabete bakoitzeko, garai bakoitzean gertatutakoaren ispilu. 

Urtarrila: Mitoaroa

Urtarrilean Zetak musika taldeak Mitoaroa ikuskizuna eman zuen Iruñeko Nafarroa Arenan, eta, hain zuzen, Mitoaroa izan zen urtarrilean gehien agertutako hitzetako bat. Orduan iragarri zuten ‘Mitoaroa II’ ikuskizuna egingo zutela, Donostian —entzungailuekin izan zen hura—. 

 

Otsaila: muga zergak

Otsailean muga zergak izan ziren nagusi, baina Trump ere izan zitekeen, zerga horietako askori AEBetako presidenteak eman baitzien bide. Hil hasieran baieztatu zuen muga zergak jarriko zizkiela Mexikori, Kanadari eta Txinari; gero, altzairuari eta aluminioari %25eko zergak ezarri zizkien, eta mehatxu ere egin zuen AEBek inportatzen dituzten autoei %25eko muga zergak jarriko zizkiela

Martxoa: armagintza

Martxoan gastu militarra areagotzearen alde agertu ziren Europako agintariakbaita EAJ ere; hala, armagintza izan zen hilabeteko hitza. Horren haritik, jakinarazi zuten arma inportazioak %155 handitu direla Europan azken bost urteetan; Ukraina da munduan arma astun gehien inportatzen duen herrialdea, gerra betean.

 

Apirila: itzalaldia

Batek baino gehiago gogoratuko dute itzalaldia. Bada, apirilean gertatu zen, eta horixe izan zen hilabeteko hitza: itzalaldia. Sortu behar zen argindarraren %60 kolpez galdu zen, bost segundoan. Egun, oraindik ere ez dute argitu itzalaldia zergatik gertatu zen. Hori bai, ondorioak izan zituen: oxigenoterapia behar zuen egoiliar bat hil zen Basauriko zaharren egoitzan, besteak beste. Gasteiztarrek oroituko dute egun hura, San Prudentzio zaindariaren eguna ospatu baitzuten Armentiako zelaietan

 

Maiatza: flotilla

Maiatzean saiatu ziren lehen aldiz Askatasunaren Flotillakoak Gazara heltzen, eta horregatik hautatu dute hilabeteko hitz gisa flotilla. Bidean, baina, Israelek eraso egin zion Conscience itsasontziari, droneak erabiliz. Nazioarteko 30 aktibista zihoazen ontzi horretan. Hiru egun igaro zituzten nazioarteko uretan, Maltan porturatu ezinik. Gerora, abuztuan, lau euskal herritar abiatu ziren Gazara, Global Sumud Flotillan

Ekaina: euskal selekzioa

Ekainean, euskal selekzioak lehen aldiz jokatu zuen Nazioarteko Esku Pilotako Federazioak antolatutako txapelketa batean, Gernikan. Hori dela eta, euskal selekzioa izan zen gehien erabilitako hitzetako bat. Historian letra larriz idatzi beharreko eguna izan zen. Parte hartzea izan zen saririk handiena, baina izan zen beste saririk: urrezko domina bat —gizonezkoetan txapeldun izan baitzen euskal selekzioa—, eta zilarrezko beste bat.

 

Uztaila: Joxe Azurmendi

Joxe Azurmendi pentsalaria uztailean hil zen, eta hilabeteko hitza bilakatu zen izen propio hura. Harekin batera joan ziren esateko zituenak, baina hona Azurmendik Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn emandako elkarrizketetatik eta idatzitako iritzi artikuluetatik ateratako lagin txiki bat

Abuztua: sutea

Uda partean behera egin ohi dute aktualitateko albisteek, baldin eta sute bat edo gehiago pizten ez badira. Abuztuan sute asko izan ziren munduan, eta horixe bilakatu zen hilabeteko hitz. Zarrakaztelun garrak piztuta egon ziren astebetez, eta 220 hektarea erre zituzten. Baina izan zen beste suterik: Okzitanian, Kanadan eta AEBetan, eta Portugalen, Galizian eta Espainian. Lau pertsona hil ziren azken horietan, eta Hego Euskal Herriko laurogei suhiltzaile baino gehiago joan ziren laguntzera

 

Iraila: Vueltako etapa

Irailarekin batera heldu ziren Espainiako Vueltako etapak, eta horien inguruan sortu ziren Palestinaren aldeko ekintzak. Protestek eragina izan zuten zenbait etaparen ibilbidean: Bilboko etaparen amaiera ez zen jokatu, ezta Galiziako etapako azken zortzi kilometroak ere, eta Madrilen egitekoak ziren azken etapa bertan behera utzi zuten antolatzaileek. Vingegaard zen lasterketako liderra orduan, eta argi adierazi zuen bere jarrera: «Vueltan protestan ari direnek arrazoi dute: gertatzen ari dena izugarria da».

 

Urria: gatibu trukea

Gazarako adostutako planaren lehen fasea urriaren 10ean sartu zen indarrean. Israelgo armada Gazatik erretiratzen hasi zen, lerro horia deituriko eremura; Hamasek ere bete zuen hitzemandakoa, eta gatibuak askatu. Hori dela eta bilakatu da gatibu trukea hilabeteko hitz. Dena dela, su etena ezarri ondoren, Israelek askotan urratu zuen plana: armadak gutxienez 379 gazatar hil zituen tarte horretan.

Azaroa: hegazti gripea

Azaroan, hesitutako eremuetan giltzapetu zituzten Ipar Euskal Herri osoko eta Arabako eta Nafarroako hemezortzi udalerritako hegaztiak, horien gripea ez zabaltzeko eta, hain zuzen, hegazti gripea izan zen hilabeteko hitza. Hego Euskal Herriko etxaldeetan ez zen kasurik atzeman, baina hegazti askeekin kontaktua izatea eragotzi nahi izan zuten. Hori bai, hegazti gripeak bultzatuta, arrautzen prezioa %25,9 garestitua zen urtebetean. Apur bat lehenago abere azokak debekatu zituzten Hego Euskal Herrian, dermatosi nodular kutsakorra zela eta, azaroaren 30era arte.

Abendua: pizkundea

Euskararen «larrialdi linguistikoari» aurre egiteko, milaka euskaltzale bildu ziren abenduaren 27an Bilbon eta, horren ondorioz, pizkundea izan zen urteko azken hilabeteko hitza. «Euskaltzaletasunaren giharra indartzeko» deia egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak. Euskalgintzako 30 eragile baino gehiago eta hainbat euskaltzale bildu ziren ekinaldia aurkezteko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.