Nerea Ibarzabal Salegi: «Irabaztea posible zela ikusi nuen»

  • Albistea entzun

Lehenengoz jantzi du txapela Nerea Ibarzabal Salegik (Markina-Xemein, Bizkaia, 1994), eta «pozik» dago garaipenarekin. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa prestatzea «gogorra» izan bada ere, ingurukoen babesak aurrera egiteko indarra eman dio.

Harry Potterren doinuekin abiatu zenuen agurra. Magia hori hasieratik transmititu nahi izan zenuen?

Hori zen asmoa, bai. Izatez, final misteriotsua zen, eta misterio horrekin jolasten ahalegindu nintzen. Nire izaeraren zati bat da Harry Potter, eta fantasiazko munduen oso zalea ere banaiz. Lehen agurrean naizen hori islatu nahi izan nuen, benetako ni-a. Iaztik izan dut prest.

Iaztik?

Bai, bai [barreak]. Itxialdi garaian, pianoa jotzeari ekin nion berriro ere, hamar urteko etenaren ondoren, eta doinu horrekin jolasean hasi nintzen. Garai hartan ez neukan inolako motibaziorik; denok geunden triste, eta txapelketa ere ez nuen bideragarri ikusten inondik inora ere. Hortaz, txapelketara pozik joateko egin nuen. Neure burua konbentzitzeko modu bat zen, azken batean.

Saio osoan ibili zinen argi, baina, bereziki, bakarkakoan lortu zenuen txalo zaparradarik handiena: Uxue Alberdiren larruan jarri zinen.

Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburua etortzen zitzaidan burura behin eta berriro, eta ez nuen beste biderik aurkitzen. Ardura handia zen, eta ezin nuen hanka sartu, denok jakin genuelako noren izen-abizenetatik nenbilen kantuan. Baina, aldi berean, konfiantza ere banuen. Uxue lagun handia da, gauza asko erakusten dizkit, eta nolabaiteko zilegitasuna hartu nuen haren ahotik kantatzeko. Oholtzatik jaistean harekin elkartzeko aukera izan nuen, eta oso pozik zegoen.

Buruz burukoan, berriz, Jone Uriarekin aritu zinen.

Asko poztu nintzen. Jone beti aritzen da oso ondo, eta finalean ere saio ikaragarria egin zuen. Niretzat berezia izan zen: umetatik hor egon diren erreferenteetako bat izan da, adinean nahiko gertu gauden arren. Plaza asko, eskolarteko asko eta bizipen asko partekatu ditugu, eta horrek indarra ematen du.

Bi emakume, lehenengoz, buruz buru. Zer adierazten du horrek?

Buruz buruko horren parte izatea ohorea izan zen niretzat, Onintza Enbeitak txapela eskuratu zuenean izan zen bezala. Hala ere, eguneroko lana da, eta, txapelketaz gainera, jarraitu behar da feminismotik eraikitako plaza erosoak sortzen.

«Txapelketaz gainera, jarraitu behar da feminismotik eraikitako plaza erosoak sortzen».

Nerea Ibarzabal Salegi (Bizkaiko bertsolari txapelduna)

Azkenaldian, emakume bertsolarien lekua sendotzen ari dela dirudi: Saioa Alkaizak irabazi zuen Nafarroako Bertso Txapelketa, eta, orain, zuk Bizkaikoa. Ez da kasualitatea, ezta?

Azken urteotan elkarlanean egiten ari garen bide baten emaitza da. Eta hori txapelketan ere islatu da. Beste batzuen lorpenak guztion lorpenak izan ziren, eta nik ere sentitu dut haien poza nik irabazi dudanean. Elkarrekin lehian ibili beharrean, elkarrengana gerturatu gara, eta hori pozgarria da.

Aurreko bi txapelketetan ere finalean izan zinen. Aurten, bazenuen txapelduna izateko esperantzarik?

Itxaropena bainoago, posible zela sentitu nuen. Aurrekoetan, irabazle argi batzuk ikusten nituen, eta ahal nuena egiten saiatzen nintzen. Baina aurten desberdina izan da. Irabazteko, irabazi nahia eduki behar duzu, eta, aurten, aukera horri leku bat egin nion nire buruan.

Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak jantzi zizuten txapela. Zer gorde duzu une berezi horretatik?

Haiek oholtzara igo ziren momentua ez dut inoiz ahaztuko. Gazte-gaztetatik konfiantza ematen dizuten bi pertsona umil eta langile dira, momentu estuetan adorea ematen dizutenak. 

Amaierako agurrean, iradoki zenuen arrakaletatik lortzen direla gauzarik ederrenak. Zertaz ari zinen zehazki?

Azken agur horretan dena esan nahi nuen, baina dena kabitu ezin. Bertsoaren hasieran, nire bizitzako emakumeei esker ona adierazi nahi izan nien, baita bizikideei ere. Baina, gerora, bizi dugun egoera honi egin nahi izan nion erreferentzia. Pandemiak kontu ugari estaltzen dituela iruditzen zait. Horrenbesteko nekea eta frustrazioa dago, gauza garrantzitsu asko ahazten ari gara. Esperantzarik ezak ezin du luzaroan iraun; esna egon behar dugu, datorrenari eutsi, eta borrokatzen jarraitu.

«Deskantsatzeko beharra dut. Bizkaiko Txapelketarako prestatzea, mentalizatzea eta motibatzea gogorra egin zait».

Nerea Ibarzabal Salegi (Bizkaiko bertsolari txapelduna)

Plazetako martxari eustea dagokizu orain, eta Euskal Herrikoa ere laster dator. Gogotsu?

Oraindik ez [barreak]. Pixka bat deskantsatzeko beharra ere badut. Bizkaiko Txapelketarako prestatzea, mentalizatzea eta motibatzea gogorra egin zait, eta, egia esan, asko kostatu zait bidea egitea. Euskal Herrikora beste gorputzaldi batekin joango gara. Hor zaldi eta behor ugari egongo dira zain, baina ea asmatzen dugun guztiok eta txapelketa eder bat egiteko gai garen. Auskalo!

Jatorrizko artikuluak