Ur tigrearen urtean

  • 20 hitz
  • Albistea entzun

Txinatarrek Urteberri eguna ospatu dute otsailaren lehenean; ur tigrearen urteari eman diote ongietorria. Urtezahar egunean egiten dute festarik handiena, baina ospakizunek hilaren 15a arte jarraituko dute, harik eta Linternen Jaialdiarekin amaitzen diren arte.

Txinatar Urteberri eguna aldatu egiten da urtetik urtera egutegi txinatarrean. Zehazki, neguko solstizioaren bigarren ilberrian izaten da; eguzkiari eta ilargiari erreparatzen die egutegiak, gregorianoak —Mendebaldean erabiltzen denak, alegia— eguzkiari begiratzen dion eran. Horrek laborantzarekin duen harremana zein den azpiamarratu du Gipuzkoako Txinatar Institutuko zuzendari Andrea Luk: «Egutegi honen oinarria, ilargiaren mugimenduez gain, Txinako klima da; orduan hasten da nolabait udaberria: tenperaturak igotzen hasten dira, eta, era horretan, haziak landatzeko epea markatzen da». Bada, horregatik deitzen diote ospakizun horri Udaberriko Festa.

«Egutegi honen oinarria, ilargiaren mugimenduez gain, Txinako klima da; orduan hasten da nolabait udaberria».

Andrea Lu (Gipuzkoako Txinatar Institutuko zuzendaria) 

Urteetako bakoitzak, gainera, bere animalia eta elementua du. Zehazki, 60 urteko aldiak dituzte txinatarrek, eta tarte horretan hamabi animalia tartekatzen dituzte —arratoia (edo sagua), idia (edo bufaloa), untxia (edo erbia edo katua), tigrea, herensugea, sugea, zaldia, tximinoa, ahuntza (edo ardia), oilarra (edo txolarrea), txakurra eta txerria (edo basurdea)—, eta bost elementu —ura, lurra, egurra, sua eta metala—. 

«60 urtean behin, zirkulu bat tokatzen da, 60 konbinazio baitaude guztira; errepikatu egiten da», azaldu du Luk. Kasu honetan, bat egiten dute tigreak eta urak, eta urte horretan dira sartzear txinatarrak, beste izen bat ere izan arren: «Tigre beltzaren urtea dela ere esan daiteke, beltza baita uraren kolorea».

Konbinazio horietako bakoitzak urte bakoitzean jaiotzen diren haurren izaera ere markatzen omen du. «Horren arabera, aurten jaiotzen den jendea bidezkoa eta ausarta izango da, eta liderra izateko espiritua ere izango du. Hala ere, badira desabantailak ere: pazientzia handirik gabekoak izan daitezke».

Jatorrirako itzulera

Luk nabarmendu du tradizioa dela Urteberri egunean etxe guztia garbitzea, horrek, besteak beste, «zikinkeria guztia» kentzen laguntzen duelako; era horretan, usteen arabera, etxea garbi duenak gainontzekoa ere hala izango du, eta, are, ez da gaixotuko sartzear den urte berrian.

Hala ere, aurreko gaua izan ohi da indartsuena: Urtezahar eguna. Afaria izaten da egun horretako zitarik garrantzitsuena. «Gaueko hamaiketan hasten gara jaten, eta petardoak botatzen ditugu amaieran; elezahar batek dioenez, egun horretan munstro bat iristen zen urtero, gizakiak jaten zituena, batik bat gazteak; bada, beldurtzeko, suziriak botatzen hasi ziren». Nian du izena piztia horrek, eta, diotenez, kolore gorria ere ez du gogoko. Horretaz jabetuta, ingurua gorriz apaintzeko joera ere badute txinatar zenbaitek.

Elezahar batek dioenez, Urtezahar egunean 'Nian' izeneko munstro bat iristen zen urtero, gizakiak jaten zituena.

Luk jakinarazi duenez, egun hauetan etxera itzultzeko ohitura egoten da, txinatarrentzako garai «oso garrantzitsua» izaten delako. «Kalean inor aurkitzen ez duzun une bakarra izaten da; guztiak daude familian batuta». 

Ospakizunak ez dira Urteberriarekin amaitzen. Bi aste irauten dute: otsailaren 15ean bukatuko dira, Linternen Jaialdiarekin. Banbuz eta paperez egindako kriseiluak jartzen dituzte kalean.

Jatorrizko artikuluak