Durangoko Azokak 930 nobedaderekin berreskuratuko du ohiko itxura

  • 625 hitz
  • Albistea entzun

Abenduaren 7tik 11ra, 248 erakusmahai izango dira Landako Gunean, eta 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte. Ikasleen Egunarekin ekingo dio azokak, eta antolatzaileek dei berezia egin diete gazteei azokara joateko.

Bi urteko gorabeheren eta murrizketen ostean, pandemiaren aurretik zuen itxura berreskuratuko du Durangoko Azokak abenduaren 7tik 11ra bitartean, eta Landako Gunean izango den erakusmahai kopurua, nobedade zerrenda eta zuzeneko emanaldien programa aipatu dituzte horren erakusgarri. 248 erakusmahai izango dira, 930 nobedade aurkeztuko dituzte —689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 lan—, eta 250 kultur ekitaldi antolatuko dituzte. Eta, hain justu, horregatik hautatu dute Eztanda leloa aurten, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak azaldu duenez. «Uste dugu hau izango dela pandemia aurreko azoka berreskuratzeko urtea, eta nahi dugu hau jai handi bat izatea».

689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 lan berri aurkeztuko dituzte.

Lehen egunean, abenduaren 7an, Ikasleen Eguna berreskuratuko dute. Azokak 1.500 ikasle hartuko ditu goizean, eta haientzako tailer sorta bat antolatu dute. Horrez gainera, abenduaren 9rako Gazte Eztanda antolatuko dutela iragarri du Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Gaztelurrutia: «Mundu aldrebes honetan, euskal kultura ez transmititzeak kezkatu egiten gaitu, eta gazteei dei berezia egin diegu azoka honetara etorri eta arakatu dezaten azokak dauzkan ertz guztietan».

«Mundu aldrebes honetan, euskal kultura ez transmititzeak kezkatu egiten gaitu, eta gazteei dei berezia egin diegu azoka honetara etorri eta arakatu dezaten azokak dauzkan ertz guztietan».

Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga elkarteko kudeatzailea)

Azokak iraungo duen egun guztietan, gune hauek izango dira martxan:

MUSIKAREN PLAZA

Gaztelurrutiak esan duenez, Durangoko Azokan «oraindik» saldu egiten dira diskoak, biniloak eta bestelakoak, baina bihurgune handi batean murgilduta irudikatucloseImajinatu. du sektorea. Musika banatzeko egungo joerek bazterrean utzi dituzte euskarri fisikoak, eta sortzaileentzako diru iturria murriztea ekarri du horrek. Horri erantzuteko, hiru bide zabaldu ditu azokak.

Batetik, nabarmendu egingo dute musikariei Landako gunean eskainitako esparrua. Musikaren Plaza deituko dutena ikusgarriago egingo dutela zehaztu du Gaztelurrutiak. Horrez gainera, Badok atariarekin batera, azokan salgai diren disko berri guztietako kanta bat entzun ahal izateko QR kodeak ere jarriko dituzte erakusmahaietan. Eta, azkenik, orain arte ez bezala, diskoak ez ezik kamisetak, biserak eta poltsak saldu ahal izango dituzte musikariek.

Diskoak ez ezik, kamisetak, biserak eta poltsak saldu ahal izango dituzte musikariek.
AHOTSENEA

Hamabost urte beteko ditu aurten Ahotsenea guneak, Miren Narbaiza musikari eta gunearen koordinatzaileak gogoratu duenez. Plateruena kafe antzokian egingo dituzte musikariek zuzeneko aurkezpenak. 47 talde igoko dira agertokira beren lanak aurkeztera: tartean, Delirium Tremens, Xsakara, Merina Gris, Ines Osinaga eta Kokein. Streaming bidez ere zabalduko dituzte saio horiek. Literatur solasaldiak, berriz, Bartolome Ertzilla musika eskolan egingo dituzte.

IRUDIENEA

Guztira, 24 film luze, hamabost film labur, websail bat eta podcast bat eskainiko ditu Irudienea guneak, Durangoko Zugaza zinema aretoan; baina, ezbairik gabe, Irati filmaren emanaldi bereziak erakarriko du arretarik handiena. Abenduaren 10ean izango da, 12:30ean.

Irati filma emango dute abenduaren 10ean Irudienea gunean, Durangoko Zugaza zinema aretoan.

Egunean bertan jarriko dituzte sarrerak eskuragai, Irudienean bertan, 10:30ean hasita. Bi gonbidapen jaso ahalko ditu bakoitzak, eta ilarak sortzea ere espero izatekoa da, hortaz.

SZENATOKIA

San Agustin antzokia da Szenatokia gunearen egoitza. Bertan egingo dira hasiera eta amaiera ekitaldi ofizialak. Horrez gainera, antzerki eta dantza pieza laburrak ikusteko modua ere emango du abenduaren 8tik 11ra bitartean. Hamabi taldek hartuko dute parte programan; bakoitzak bi edo hiru pase egingo ditu egunean, eta, beraz, 29 saio izango dira agertokian. Komedia, drama, pole dantzako ikuskizunak, antzerkia, dantza eta bestelakoak izango dira.

SAGUGANBARA

Pozik daude Saguganbara guneko antolatzaileak ere, bi urteren ondoren azkenik aretoa berriz ere osorik eta mugarik gabe baliatu ahalko dutelako. Haur, gazte zein helduentzat pentsatutako proiektuak hartzen ditu guneak, eta, aurkezpenez gainera, eguerdian irakurketa librerako txokoa ere izango du bisitarientzat. Usue Egia ilustratzaileak diseinatuko du aurten gunearen dekorazioa.

TALAIA ETA KABI@

Ordu erdiko aurkezpenak antolatzen ditu Gerediagak Talaia izeneko aterkipean. Zabalkunde lanetarako espazioa da, eta Landako guneko areto nagusia izan ohi du egoitza. Aurten, Kabi@ multimedia gaiei buruzko gunearekin batera erabiliko du gune hori, eta txandaka baliatuko dute biek. Irakasleentzako eta ikasleentzako tailer eta aurkezpenak egingo dituzte lehen egunean, eta «gamer villa» bilakatuko dute aretoa ostiralean. Bideojokoetan eta rol jokoetan aritzeko aukera izango dute bisitariek.

Landako guneko areto nagusia «gamer villa» bilakatuko dute ostiralean. Bideojokoetan eta rol jokoetan aritzeko aukera izango dute bisitariek.
AZOKA DIGITALA

Aurrez aurre ezin egin, eta Gerediaga elkartekoak azoka digitala sortu zuten 2020an. Eutsi egin diote proiektuari geroztik, eta, aurten, abenduaren 7tik 10era eskainiko dute Durangoko Azokan aurtengo nobedadeak erosteko aukera. Aurten behintzat proba egin nahi dutela iradoki dute Gerediaga elkarteko ordezkariek. Gaztelurrutia: «Aurrez aurreko azoka oso-oso-osoa izango dugu, baina mantendu egin dugu online azoka ere, ikusi nahi dugulako ohiko azoka batean zer funtzio bete dezakeen».

Jatorrizko artikuluak