Abortatzeko eskubidearen kontrako mugimenduak hemen eta AEBetan

Talde ultraeskuindarrek mobilizazioak egin izan dituzte Askabide klinikaren aurrean (Donostia); Naroa Iturri Askabideko langilearen esanetan, «klinikara datozen andreak epaituta sentitzen dira». 

Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, alarma guztiak piztu dira Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubidea ezabatuko duen beldurrez. Protesta ugari izan dira Washington hiriburuan eta herrialdeko beste zenbait hiritan.

Apirilaren 14an sartu zen indarrean haurdunaldia eteten zuten kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea, baina, hala ere, talde ultraeskuindarrek mobilizazioak iragarri zituzten. Ospitale horretako langilea da Naroa Iturri (Hernani, Gipuzkoa, 1976):

Naroa Iturri, Askabide:  «Azkenean lortzen dute gure paziente asko klandestinitatean baleude bezala etortzea»

Duela urte batzuk auzitara jo zenuten klinikaren aurrean jartzen zirela eta.

Ohartu ginen gure pazienteei jazartzen ari zitzaizkiela eta guri geuri ere bai. Hala ere, epaiketan esan ziguten hor egoteko eskubidea zutela, ezin zela ezer egin; baina espaloiaren beste aldean egon behar zutela, eta ez klinikaren atarian. Hala ere, ez diote utzi etortzeari. Emakumeak, eta baita gizonen bat ere. Gazte jendea ere ibiltzen zen hor.

Zer egiten zuten, zehazki?

Izan ditugu hemen, belauniko eta arrosarioa errezatzen. Kartelekin ere jartzen ziren, Errezatuko dugu zuregatik eta zure haurragatik, eta horrelakoak.

Langileoi nola eragin dizue?

Atseden orduan kanpora irteten ginenean-edo, hor zeuden. Inoiz ez dizute aurpegira ezer esaten, baina bai begiradak, barreak, keinuak... muxuak ere botatzen zizkiguten. Horrez gain, aurreko espaloian zeuden horien lagunak ere pasatzen ziren klinika aurretik eta denetarik esaten ziguten: «Hiltzaileak» edo «hiltzea merezi duzue». Hala ere, klinikara etortzen diren emakumeak dira benetan kaltetuak.

Nola eragiten die klinikara datozen emakumeei?

Askok jada itzelezko karga dute haurdunaldia etetera datozelako, eta oso epaituta eta gaizki sentitzen dira kanpokoak ikustean. Gainera, badaude emakume batzuk sinestunak direnak, eta horiei min handia egiten die arrosarioak ikusteak, errezatzeak... Gero hemen askotan negar batean egoten dira. Pareko horiek badakite horrekin jokatzen dutela, oraindik abortua oso estigmatizatuta dagoela eta ez dutela ezer esango. Azkenean, lortzen dute gure paziente asko klandestinitatean baleude bezala etortzea.


Kezka eta haserrea AEBetan

Ameriketako Estatu Batuetan, abortatzeko eskubide konstituzionala da Roe; 1973ko Roe v Wade epaiaren aurrekarian oinarritua. Horri esker, estatuen arau murriztaileen gainetik dago gaur egun eskubide konstituzionala, baina Auzitegi Gorenak hori baliogabetzen badu, estatuen erdiek baino gehiagok galaraz dezakete haurdunaldia etetea. 

Estatuen arau murriztaileen gainetik dago eskubide konstituzionala, baina Auzitegi Gorenak hori baliogabetzen badu, estatuen erdiek baino gehiagok galarazi dezakete haurdunaldia etetea.

Gorenaren asmoaren zirriborroa filtratu eta berehala piztu zen lurrikara Ameriketako Estatu Batuetan. Gorputza berriz ere borrokaleku bihurtuta, hautuak eta askatasunak hartu zuten protagonismoa Auzitegi Goreneko protestan. Bertan zen abortuaren aurkako manifestari talde txiki baina zaratatsu bat ere. Haien irainen gainetik, «kendu debekuak gure gorputzetatik» izan zen gehien aldarrikatu zuten oihuetako bat.

«Eraso dieten emakume gazteei eragingo die, bortxatu dituztenei. Dagoeneko haurrak izan eta aurrera ateratzeko ezinean ari diren emakumeei erasango die».

Elizabeth Warren (AEBetako senatari ohia)

Elizabeth Warren senatari eta alderdi demokratikoko primarioetako presidentegai ohia izan zen hitza sutsuen hartu zutenetako bat. «Haserre nago, badakidalako nork ordainduko duen hau. Ez dira emakume aberatsak izango; hau emakume behartsuen gainean eroriko da. Eraso dieten emakume gazteei eragingo die, bortxatu dituztenei. Dagoeneko haurrak izan eta aurrera ateratzeko ezinean ari diren emakumeei erasancloseEragin.go die. Errepublikanoek hamarkadak daramatzate egoera honetara heldu nahian, estatubatuar gehienek nahi ez duten zerbait lortzeko Auzitegi Gorenean gehiengo izateko».

Washingtonen legez, New Yorken, Chicagon, Seattlen eta beste dozenaka hiritan egin ziren protestak eta elkarretaratzeak. 

Jatorrizko artikuluak