Urtekaria

Aurtengoari begira, ehun artikulutan zehar

2022an BERRIAn gehien irakurritako ehun artikuluak dira hauek. Amaitu da pandemiak markatutako garaia, eta zerrenda gaien pot-pourri bat da berriz. Badira, bederen, nagusitu diren gai batzuk: Irulegiko Eskua, Bertsolari Txapelketa Nagusia eta hezkuntza. 2022ko urtekari osoa, hemen.

Irulegiko Eskua. IñIGO URIZ / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abenduaren 29a
17:26
Entzun

Atzean geratu dira COVID-19ari buruzko albisteak. Bi urtez jarraian, pandemia izan da nagusi BERRIAn gehien irakurritako artikuluen artean, baina 2022ak arnasaldia eman die bestelako gaiei. Hein handi batean, bada, gehien irakurritakoak normaltasun berri baterako bueltan dira. Eta, bi mila urtetik gorako loaldiaren ostean, bueltatu da lurpean egondako brontzezko pieza bat ere: Irulegiko Eskua. Haren aurkikuntzaren albistea izan da BERRIAn gehien irakurri direnetako bat, nola ez. Bigarrena, hain zuzen. Hizkuntza baskonikozko idazkunik zaharrenaren aurkikuntzak ez zuen gutxiago merezi.

Irulegiko Eskuaren bueltan, arrakasta bildu dute batera edo bestera hura jorratu duten artikuluek. Sare sozialetan erabiltzaileek egindako memeena, esaterako: BERRIAk aukeratu eta jaso zituen horietako batzuk, hemen. Zerrendan beheraxeago, sorioneku hitza denen ahotan zegoeneko artikulu ere badira: batetik, Joakin Gorrotxategiri egindako elkarrizketa —besteak beste, berak aztertu du Irulegiko Eskua—; bestetik, Aranzadi zientzia elkartearen azalpenak bilduta osatutako bideo eta albistea. Astebete geroago, Blanca Urgell eta Borja Ariztimuño hizkuntzalariak bildu zituen BERRIAk, patxadaz idazkunari buruz eztabaidatzeko.

Artikulu horien guztien aurretik, Leire Iribarne Diabolo Kiwi taldeko musikagilearen heriotzari buruzkoa izan da aurten gehien irakurri dena. Urtarrilaren 29an zendu zen, trafiko istripu batean. Hilberriek zabalkunde handia izan ohi dute, eta 2022ko zerrenda da horren erakusgarri: gehien irakurritako hamar artikuluen artean, hiru hilberrienak dira. Bata, Iribarnerena; bestea, Haizea Beruete bertsolariarena —maiatzaren 23an hil zen—; azkena, Pello Zabala fraide, idazle, euskaltzale eta eguraldi iragarlearena —otsailaren 2an hil zen—. Gehien irakurritako ehun artikuluen artean, beste sei hilberri ere badira: Miren Iriarte itzultzailea; Iñaki Segurola idazle eta hiztegigilea; Gregorio Larrañaga Mañukorta bertsolaria; Karmele Aierbe euskaltzalea; Igor Lopez de Muniain EH Bilduko legebiltzarkide ohia; eta Josefina Lamberto Nafarroako memoria historikoaren defendatzailea.

Irulegiko Eskuaren aurkikuntza, batetik, eta zerrendatutako lehen hiru hilberriak, bestetik. Lau horiek irakurri dira gehien. Eta, xelebreenetan xelebreen, beste aurkikuntza batek egin du gora 2022ko laugarren posturaino: ia bost kiloko onddo zuri batenak.

Ikusi gehiago:2022an BERRIAn gehien irakurritako artikuluak

Ziur aski, iaz ere gehien irakurritakoetan sartuko zen, baina aurten arte itxaron behar izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Gogotsu ibili da jendea: txapelketako hamalau saioen aurkezpena zerrendan sartu da. Eta irrikak gainezka egin zuen abenduaren 18an, Maialen Lujanbioren garaipenarekin. Hurrengo egunean ere, puntu gehien lortu zuten bertsoen testua dezente zabaldu zen. Bertsolaritza munduko beste albiste bat ere bada gehien irakurritakoen artean: Beñat Lizasok ez du gehiago bertsotan egingo plaza publikoan.

Adierazpen askatasunaren hautsak ere harrotu ziren urriaren erdialdean: EITBk Maddalen Arzallusek Ion Paroti eskainitako bertsoak zentsuratu izana salatu zuten. Taldeko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak aitortu zuen berak agindu zuela bertso horiek erretiratzeko. Gertakariaren bi albiste daude gehien irakurritakoen artean. Bata, zentsura salatu zutenekoa; bestea, Euskadi Irratiko eta EITB.eus-eko erredakzio kontseiluak bertsoak kendu izanaren aurka agertu zirenekoa: «Ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat EITBko zuzendaritzak hartu duen erabakiarekin».

Bestalde, euskarari buruzkoak ere asko irakurri dira. Esate baterako, euskararen kaleko erabilerarena —orokorrean, duela sei urteko bera da egun—; baita, zehazki, udalerri euskaldunetakoa erabilerari buruzkoa ere —atzeraka ari da, nabarmen—. Hizkuntzari buruzko estereotipo okerrak ere sartu dira zerrendan: euskara «zaila» zela adierazi zuen Gasteizko Auzitegiko epaile batek. Saretik kopiatu zituen argudio horiek, ordea. Hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik behargin batek lanpostua galdu zuen Laudioko Udalean (Araba), eta epaileak haren alde egin zuen, zailtasuna argudiaturik.

Ekainean, Ramon Saizarbitoriaren 2012ko Martutene eleberriaren irakurraldi publikoa egin zuten ekainean, eta saioaren aurkezpenean euskarari eta euskal literaturari buruzko bere kezkak plazaratu zituen idazleak: «Euskara jada ez da euskaldun egiten gaituena; askorentzat, oposizioetan puntuak ematen dituen hizkuntza da».

Gazteen uda, bero

Ehunen zerrendan bada nabarmentzekoa den beste gai bat: gazte mugimenduena. Biren arteko talkak eskuratu zuen arreta dena: Gazte Koordinakunde Sozialistaren eta Gazte Asanbladaren artekoak. Azken horrek ekainaren 6an salatu zuen GKSren inguruko hogei bat kidek «eraso egin eta jipoia eman» zietela bi laguni, eta GKSk ere salatu zuen bere kide bat «jipoitu» zutela. Egun gutxi geroago, Ernaik testu bat bidali zion BERRIAri; 2022an gehien irakurritakoetan bosgarrena izan da. Hauxe zion: «Arriskutsua eta arduratzekoa iruditzen zaigu GKSk darabilen mehatxuen dinamika». Koordinakundeak ere testu bidez erantzun zion Ernairi; gehien irakurritakoetan hamargarrena izan da. Hau erantzun zuen: «Komeni zaigu egoera hobetu eta aterabidea ematea, baina ezinbestekoa da minimo etiko eta sozial batzuk errespetatzea». Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak horren inguruan idatzi zuen Beroa dator gazteen uda zutabean.

Ikusi gehiago: 2022an BERRIAn gehien irakurritako artikuluak

Zerrendan oso goian, zazpigarren postuan da Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak ekainean Hernanin (Gipuzkoa) antolatutako jardunaldien albistea. Feminismoa eta ahalduntzearen «tranpa» kritikatu zituzten, eta «opresio forma guztiak» bukatzeko bidea «sozialismoa» dela aldarrikatu.

Udako bero sapa horretaz gain, gazte mugimenduen beste artikulu batzuk ere sartu dira zerrendan. Hauexek: urtarrilean GKSk Bilbon eta Iruñean egin zituzten manifestazioena; GKSk eta Ikasle Abertzaleek langileak «alderdi iraultzaile» gisa antolatzera deitu zituztenekoa; GKSko kide bat atxilotu zutela salatu eta espetxetik libratzea galdegin zutenekoak. Sei hilabeteko zigorra ezarri zioten 2018an, ikasle greba batean desordena publikoak egitea egotzita. Maiatzaren 26an espetxeratu zuten, eta ekainaren 1ean askatu.

Hezkuntza kontua

Hezkuntzak ere jakin-mina piztu du. Ehun artikuluen artean dezente dira gaia jorratzen dutenak, sakabanatuta badaude ere. Besteak beste, irakasleen euskara mailari buruzko erreportaje hau. BERRIAk EHUren Hezkuntza Fakultateetara jo zuen galdezka, eta ondorioa argia da: irakaslegaiek ez dute behar besteko euskara maila, baina gizartean gertatzen denaren isla da. Edo beste hau, eskolako ordutegiak eztabaidagai zirenekoa.

Iritziak izan dira hezkuntzari dagokionez gehien irakurritakoak —testuan beheragoxeago dituzue, zerrendatuta—.

Bestalde, badira hezkuntzan zeresana eragin duten beste hainbat kontu: sindikatuen martxoaren 25erako greba deialdia, hezkuntza oinarrien zirriborroan aldaketak eskatzekoa, eta deialdi hori bertan behera utzi izana. Baita sindikatuen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioa ere: besteak beste, adostu zuten egiturazkoak ez diren hezkuntzako lanpostuak halakotzat jotzea. Eta Ikastolen Elkarteak uztailean kaleratutako ohar bat, sare itunduari buruz esandakoak argitu nahian.

Iritzi esanguratsuak

Iritzi artikuluek ere zeresana ematen dute BERRIAko irakurleen artean. Beste ezeren gainetik, hezkuntza izan da 2022an gai funtsezkoena, aburuei dagokienez. Eskola publikoko irakasleen kezkak izan da gehien irakurritako iritzia, Sara Aldabe, Itziar Esteban, Ane Miren Etxegarai, Miren Lourdes Gutierrez eta Maria Jose Marquetena. Zerrendan bada hezkuntza oinarri duen beste iritzirik ere: Ikastolen ekarpena, Joxi Imazek, Edu Apodakak, Gurutze Ezkurdiak, Paulo Iztuetak, Begoña Bilbaok, Jon Diazek, Karmele Perez-Urrazak, Unai del Burgok eta Pello Jauregik idatzitakoa; Maitane Nerekan Umaranen I(ra)kasle puta horiei iritzia; Amelia Barquinen Eskola segregatuak eta euskalgintza; eta EHUko hainbat irakaslek sinatutako Atxiloketak Euskal Herriko Unibertsitatean, martxoaren 24ko ikasle greban izandako 34 atxiloketen harira argitaratua.

Beste bi pertsonaren iritziak ere lortu dute 2022ko zerrendan sartzea. Batetik, Pako Aristiren Euskarafobia eta Elkano Fundizioa. Bestetik, oihartzun handia izan zuten Jose Mari Esparza Zabalegiren bi testuk: Migrazioa? Ez, mila esker eta Confebask: migrazioa bai, mila esker.

Elkarrizketa esanguratsuak

Jendeak, iritziak ez ezik, izan du zer esanik aipu marken artean. Badira zenbait elkarrizketa urteroko zerrendan. Agertzen den lehena Sandra Piñeiro galiziarrarena da. Elikaduraren nahasmendua izan zuen arraunlaria izandakoak; orain, mendi lasterketetan aritzen da: «Neure buruarekin bakean egoteko aukera eman dit mendiak». Eta, zerrendan beherago, lau andreri egindako bi elkarrizketa bikoitz. Bata, Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez idazleena: «Feminismoaren zati batek amatasunaren biologia ukatu du». 11 amaren eta bi aitaren bizipenak bildu zituzten M ama* eme* ume* liburuan. Bestea, Lorea Agirreri eta Begoña Garaikoetxeari Euskara Aurrera egitasmoaren kariaz egindakoa: «Erru gutxiago behar dugu, eta oxigeno gehiago».

Ikusi gehiago:2022an BERRIAn gehien irakurritako artikuluak

Hona hemen beste elkarrizketa sorta bat. Nerea Garmendia aktorearena: entzumen arazoak dituela azaldu zion BERRIAri, eta audifonoak darabiltzala; hori baliatuz, bakarrizketa inklusiboen proiektu bat jarri zuen abian. Nerea Barjola politologo eta ekintzaile feministaren elkarrizketak ere klik asko jaso zituen; udako ziztaden inguruko mezuez mintzatu zen Barjola, kezkatuta: «Alarma soziala horrela bideratzeak bortizkeria sexuala indartzen du». Jon Maia bertsolari eta idazlea ere elkarrizketatu zuen BERRIAk, Kantu bat gara disko-liburuaren harira. Elkarrizketarako tartetxo bat eskaini dio Cira Rodriguez logopedak ere BERRIAri abenduan; umeen hizketaren garapenari buruz aritu zen: «Ume batek 3 urterekin ez badu hitz egiten, ja hasi behar da lantzen». GKSren urtarrileko manifestazioen atarian, Unai Martinez GKSko kideak ere hau azaldu zuen: «Gauzak aldatzeko ilusioa berreskuratu behar dela uste dugu».

Hesiak bota dituen belaunaldikoak: BERRIAren Ahomentan atala ere zerrendan sartu da, Kattalin Barcena J Martina taldeko eta Amets Aranguren Ibil Bediko kideena. Euskal Herriko paradigma musikalaren eta koiuntura politikoaren loturaz aritu ziren biak ala biak.

Erreportaje esanguratsuak

Beste kazeta generoen artean, erreportaje gutxi batzuk ere sartu dira aurtengo zerrendan. Aipatutako hezkuntzari buruzkoez gain, badira beste batzuk. Horietako bat parkopresiarena da. Parkopresia, bai: kaka egitearen lotsa. Ondorio psikologikoak zein fisiologikoak dauzka, baina baita aterabideak ere. Kaka egin baino lehenagokoaz ere idatzi du BERRIAk, elikaduraz: kirolarien elikaduraz, hain zuzen. Joseba Ezkurdia pilotaria eta Itziar Gonzalez fisioterapeuta, osteopata eta nutrizionista elkarrizketatu zituen BERRIAk.

Kirola alde batera uzteke, Lur Errekondori buruzkoa ere dezente irakurri da. Estreinakoz aritu zen Egur Sport txapelketan, harri jasotzen: «Plazarako gogoa nuen». Bestelako erreportaje bat ere nabarmendu da aurten: Mirentxin gidariek euren ibilbidea amaitu izanari buruzkoa. Euskal presoen sakabanaketa aldatuz joan ahala, haien beharra ere urrituz joan da. Beren agurraren albisteak ere entzute handia izan zuen: «Guretzat azken bidaia heldu da».

Gehien irakurritako erreportajeekin amaitzeko, euskarazko joko batena: Berbaxerkarena. Egunero, letra batzuk emanda, ahalik eta hitz gehien sortu behar dira. Bolo-bolo ibili zen jokoa sortu bezain laster —eta oraindik ere badabil—. Berbaxerkaren eta WorldlEH jokoaren albiste bana ere zerrendan da. Azken horretan —Wordle jokoaren euskarazko bertsioa da—, Euskal Herriko herri edo hiriren baten mapa agertzen da, muga egiten duen beste herri eta hirien erlieberik gabe. Erabiltzaileak zein den asmatu behar du, zazpi saiakeratan gehienez.

COVID-19a, atzean utzita

Pandemiaren albiste batzuk badira gehien irakurritakoen artean. Baina COVID-19ari agur esatekoak dira. Adibidez: ziurtagirien luzapena bertan behera utzi zutenekoa; horiek ez eskatzearena; eta Jaurlaritzak murrizketa guztiak kendu zituenekoa. Tira: maskara oraindik ere jantzi egin behar da zenbait tokitan, noski. Bestalde, urtero bezala, baliabideak zerrendaren goialdean dira: Koronabirusaren azken datuak, herriz herrizko egoeraren mapa eta omikron arorako gida. Indartze dosien inguruko elkarrizketa hau ere asko irakurri da: Joseba Bikandi immunologoarekin mintzatu zen BERRIA: «Orain ditugun txertoak jarri eta jarri ibiltzeak ez du babes maila handituko».

Besteak

Hilberriek ez ezik, ezbeharrek ere zabalkunde handia izaten dute. Martxoan hilda aurkitu zuten Ukerdi mendian 40 urteko mendizale bat. Ekainean, berriz, 25 urteko mendizale bat atzeman zuten hilik Anboton (Bizkaia). Maiatzean, berriz, 3 urteko haur bat zendu zen Correllan (Nafarroa), ur oxigenatua edan ostean. Mexikon desagertuak ziren bi euskal herritar ere hilik topatu zituzten, Yucatango Valladoliden herrialdearen hego-mendebaldean. Duela astebete, Gabon egunean, 24 urteko gazte bat hil zuten Donostian; hiru pertsona atxilotu zituzten hilketaren harira.

Hainbat baliabidek ere bisita asko izan dituzte aurten. Horiexek dira Korrikaren ibilbidea, erregaien prezioaren mapa eta euskarazko edukiak sarean ikusteko baliabideen zerrenda. Jakin-mina ere piztu dute beste zenbaitek: erdal eratik datozen euskarazko abesti famatuen bildumatxoa; Errusiaren propagandako mapa bat, non Nafarroako Erresuma agertzen den; eta munduko landarerik handiena topatu zuteneko albistea. Aipatzekoak dira, era berean, Euskadi Irratiko Faktoria saioan Miren Larrion Gasteizko Udaleko EH Bilduren eledun ohiari egindako elkarrizketa, eta Jaurlaritzak iragarritako laguntzak: hilero 200 euroko laguntzak emango ditu seme edo alaba bakoitzeko, umeek 3 urte bete arte.

Honako albiste hau ere nabarmentzekoa da: 13/13 auziko lau auzipeturi espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Ikusi gehiago: 2022an BERRIAn gehien irakurritako artikuluak

Uztailean Gure Esku-k eta Kataluniako plataforma ugarik mobilizazio bat prestatu zuten, «herri gogoa aktibatzeko eta burujabetzarako prozesu bat» abiatzeko. Pirinioetako 300 bat tontor argiztatu zituzten horretarako. Egitasmoaren aurkezpena zerrendan sartu da, eta, harekin batera, maiatzean Aragoiko presidenteak esandakoak. Honela esan zuen: «Ez nago prest onartzeko inork Pirinioak zikintzea, eta are gutxiago Aragoiko biztanleen gehiengoaren artean arbuioa sortzen duten ideologiek eta proposamen politikoek».

Maiatzean, Donostiako Kaxilda liburu dendako kideek salatu zuten «gertakari larriak» bizi izan zituztela, La Sapa de los Aperribay liburuaren harira; aurretik, Antimilitaristak EH kolektiboak liburu huraxe bera aurkeztu zuen Kaxildan: Aperribai familiak armagintzarekin duen harremanaren inguruko lana da. Galder Barbado gazteak ere salatu zuen Guardia Zibilak kolaborazio eskaerak egin zizkiola. «Nire egoera zein zen bazekiela, ezagutzen ninduela, eta bazekiela zein izan den nire rola gazte mugimenduan». Bestalde, Zumarragako (Gipuzkoa) itxitako zabortegi batean milaka tona altzairu errauts bota dituzte, gutxienez urtebetez, Arcelor Mittalen instalazioetan.

Kirol mundukoak ere badira: Itzuliaren antolatzailearen esanak, emakumezkoen txirrindularitza «moda kontua» zela bota zuenekoa; Helene Alberdi triatloilariaren adierazpenak, Distantzia Erdiko Europako Txapelketan nagusitu ostekoak; eta Espainiako Poliziak Vila-Realen Realaren zaleak jipoitu zituenekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.