Egin du berea 2025ak. Mendi bete albiste izan da aurten ere, MENDIA kanal honetan jasotakoak horren lekuko. Uztailaren 28an hogeita bost urte bete ziren Felix Iñurrategi Gasherbrum II mendian (8.035 m) hil zela, Alberto anaia eta biak beren hamabigarren zortzimilakotik jaisten ari zirela. Ahobatezkoa da mendizaleen komunitatearen iritzia: «Haien sokak dena aldatu zuen». Urteurrenaren harira, Andoni Egañak, Arantzazu Loidik eta Juanjo San Sebastianek artikulu bana idatzi zuten Felix gogoan. Istripuaren ondoren, Baltistan fundazioak eman zien segida iñurrategitarrek eta beste askok Hushe ibarreko biztanleekiko sarri agertu izan dituzten kezkari eta begiruneari. Fundazioan boluntario jardun duten askoren esanetan, hezkuntzan, osasunean eta nekazaritzan «ereindako hazia han geratu da».
Alpinismoan, urtearen hasieran, Urko Zabala eta Ekaitz Maiz nafarrek era askean eskalatu zuten Peña Montañesako Piztu da piztia bidea, Pirinioetako harribitxietako bat, Eneko Cesar, Arkaitz Iurrita eta Mikel Saez de Urabainek 2013an irekia. Zabaltzaileen ikuspegia goretsi zuten Zabalak eta Maizek.
Ibon Mendia (Iruñea, 2002) eta Tasio Martin (Urduña, Bizkaia, 2000) eskalatzaileek berealdiko denboraldia osatu zuten Patagonian. Denboraldia amaitzear zela, hiru txiletarren erreskate zailean parte hartu zuten, baina horren aurreko bi hilabeteak bizi-biziak izan ziren. Aste horietan, bi bide berri zabaldu zituzten, bata Paineko Ipar Dorrean eta bestea Mermoz Orratzean. Painen, lau dorreetatik hiru igo zituzten abenduan, eta, horrez gain, Ipar Dorrean Erresistentziara kondenatuak bidea zabaldu zuten (420 m, 7a). Argentinako Patagonian, berriz, Mermoz Orratzean Dardara bidea ireki zuten (500 m, 7b+?), are zailagoa eta esposizio handiagokoa.
Patagonian bertan, Julen Berrueko gasteiztarrak Paineko Erdiko Dorreko Riders on the Storm bide entzutetsua eskalatu zuen Ruben Perez Ino errioxarrarekin batera. Munduan den biderik preziatuenetakoa da Kurt Albert, Wolfgang Guellich, Bernd Arnold, Norbert Baetz eta Peter Dittrich alemaniarrek 1991. urtean zabaldutakoa. Berruekok eta Inok oso eguraldi makurra izan zuten, eta azken orduko barealdi bati esker lortu zuten gailurrera iristea.

Perun, Huayhuash mendilerro basatian, jarduera ederrak osatu zituzten uda partean euskal eskalatzaileek. Urko Zabala (Izkue, Nafarroa, 2003), Ander Uria (Iraizotz, Nafarroa, 1989) eta Aritz Aparizio (Bilbo, 1980) hirukoak Galdu eta irabazi bidea (300 m, 7b) zabaldu zuten Ekialdeko Puscanturpa mendian (5.442 m). Ekainaren 10ean egin zuten eskalada, egun bakarrean, eguraldi nahiko makurrarekin.
Huayhuash mendilerroan bertan, Eneko eta Iker Pou anaiek Kuntur bidea zabaldu zuten Jurau A mendian (5.520 m). Lerroak 1.575 metroko ibilbidea du bertikalean, 6c zailtasuna harkaitzean, 70 gradu elurretan eta izotzean, eta M5 mistoan. «Bide ederra da, harkaitzekoa batez ere, Esfinge hormaren estilokoa, baina hura baino luzeagoa eta altuagoa. Azken luzeak elurrean eta izotzean izan dira, eta, beraz, igoera are osoagoa da. Zailtasunak ez dira muturrekoak, baina, luze askotan, esposizioa handia da», jakinarazi zuten bi anaiek.
Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro gazte donostiarrek, Azpeitiko Udalak sustatutako Takolo Beka eskuratu ondoren, zenbait bide berri zabaldu zituzten Kirgizistango Dzhangart mendilerroan, 5.000 metro inguruko gailurretan. Bi gazteak «oso pozik» itzuli ziren eginiko jarduerarekin: aurrez inork igo gabeko zenbait mendi igo zituzten, eta bide berriak zabaldu. Adiskidetasunari gorazarre egiteko baliatu zituzten irekiera horiek: ezbeharrez galdutako adiskide baten izena eman zioten mendi bati, Santa Barbara eskolako ekipatzaileei eskaini zieten beste bideetako bat...
Uda partean, Ekaitz Maiz, Joseba Iztueta, Ibon Mendia eta Pablo Eskudero euskal eskalatzaileak Karakorumeko Khane haranean (Baltistan, Pakistan) ibili ziren. Baldintza txarrak izan zituzten, oro har: beroaren eta euri jasa etengabeen ondorioz, «mendiak puskaka» erori zitzaizkien gainera. Hala ere, bi jarduera on eginda itzuli ziren. Ibon Mendiak, Pablo Eskuderok eta Joseba Iztuetak bide bat zabaldu zuten Hidden Tower mendian (5.890 m), baina, gailurretik 80 metrora zeudela, jaitsi egin behar izan zuten, eguraldia ikaragarri gaiztotuta. Gogoaren indarra izena eman zioten bideari (1.300 m, 7a, 70º). Ekaitz Maizek eta Joseba Iztuetak, berriz, beste bide bat eskalatu zuten Trident Tower horman (600 metro, 7a+/A2), baina ezin izan zuten gailurreraino burutu.
Zortzimilakoetan, Uxue Murolas eta Ignacio Barrio alpinista iruindarrak Makaluko tontorrera igo ziren maiatzaren 10ean (8.485 metro), oxigeno botilaturik eta xerpen laguntzarik gabe. «Oso berezia izan zen. Isiltasun eta bakartze sentsazio hori, eta mendi horiek guztiak zure azpian ikustea izugarria da». Halaxe gogoratu zuen Murolasek tontorrera iritsi zenekoa.
Bestalde, Alex Txikonek bertan behera utzi behar izan zuen Annapurnako neguko espedizioa. Kanpaleku nagusira iristear zela apendizitisak erasan eta Katmandun premiazko ebakuntza egin ondoren, urtarrilaren 10ean itzuli zen alpinista lemoarra Euskal Herrira. «Min handia sentitu nuen, inoiz ez bezalakoa, eta, hain leku bakartuan nengoenez, beldurtu egin nintzen. Taldearen esku hartze azkarrari esker, Katmanduko ospitalera eraman ninduten, eta han ebakuntza egin zidaten. Ondo joan zen dena», azaldu zuen lemoarrak.
Gure mugetatik kanpo, ugari izan dira azpimarratzeko moduko jarduerak, baina agian nabarmenena Ekialdeko Jannu mendiaren (7.468 m) lehen igoera izan da. Benjamin Vedrines eta Nicolas Jean alpinista frantsesek ipar aurpegiari eta ekialdeko ertzari jarraituz, estilo alpino garbian egin zuten eskalada, eta Le sommet des pieux (2.300 m, ED-) izena eman zioten bideari. Himalaiako gailur gutiziatuetako bat zen Ekialdeko Jannu, igo gabe geratzen diren mendi handietan zailena, ikusgarriena, basena. «Bizitza oso bat alda dezakeen igoera» izan zen, Vedrinesen hitzetan.
X-Alps, 14 Orduak, Mendi Film, EHMDZ...
BERRIAk, hedabide babesle izan zen heinean, luze eta zabal eman zuen Mattin Iñiguez hegalariaren abenturaren berri. Zegamako kondorrak Red Bull X-Alps proban parte hartu zuen ekainean, eta 1.000 kilometro egin eta gero, helmugatik 341 kilometrora egin zuen bere azken hegaldia. Ondotik emandako elkarrizketan, «abentura eta ikasketa prozesu handia» izan zela nabarmendu zuen. Era berean, parapentelari zegamarrak asko eskertu zuen jendeak Euskal Herritik helarazi zion babesa: «Oso gertutik sentitu dugu jendearen berotasuna eta eskerrak eman besterik ezin dut egin, hasteko nire lantaldeari, ikaragarrizko lana egin dutelako, 24 orduz nire atzean dena ematen, eta hau posible egin duten babesle guztiei, BERRIA tartean».

Maiatzean, lankidetza hitzarmena sinatu zuten Mendietxe Museoak eta Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak (Emmoa). Horren arabera, azken hamarkadetan bildutako ondare historikoa Azpeitiko Mendietxe museoan izango da ikusgai datozen hiru urteetan. Museoaren gaiak analisi sakonagoa merezi zuelakoan, hauxe izan zen gure hausnarketa.
Ekainaren 7an bete ziren ehun urte Tolosaldeko mendizale talde batek 14 Orduko Ibilaldia lehen aldiz egin zuenetik. Duela 100 urteko txango haren oroitzapenak bizirik daude oraindik. Ehun urte geroago, beste hamalau lagunek ibilaldi bera osatu zuten mendeurrena oroitzeko. Tartean izan ziren aitzindari haien oinordeko batzuk: sei biloba eta seme bat, Paco Tuduri, 80 urte betetzear zela. Hunkituta bukatu zuten guztiek. Nire aitaren bidea eginen dut..., halako zerbait pentsatuko zuen Tudurik bideari ekin zionean.
Mendi Film jaialdiaren 18. ekitaldia arrakastatsua izan da. Champions of the Golden Valley pelikulak irabazi du aurten Sari Nagusia. Gerrako basakeriaren gainetik, Afganistanen komunitateak zer garrantzi duen azpimarratzen du dokumentalak, eski lehiaketa baten testuinguruan. Nabarmentzekoa izan da euskal egileen uzta ere, bai kopuruz eta bai kalitatez. Guztira euskal egileek ondutako 12 dokumental aurkeztu dira aurten, eta horietatik lau izan dira sarituak: Iker Urangaren asmo batetik abiatu eta Nagore Ezeizak zuzendutako Izarren zaunka, Luis Arrietaren Sustraiak, Mikel Urdangarinen Itsasora eta Julen Elorzaren Cantos y flores. Mendi Filmen aurkeztu dira beste hauek ere: Jesus Mari Lazkano margolariaren Natura fugit, Mont Blanceko Mer de Glace glaziarrean girotutako animaziozko pelikula, Alfonso Garcia bilbotarraren Un día al año Atxarteko inauteriari buruzko lana eta Harri, orri, arkatz Jon Herranzek Artea eskaladako krokisean proiektuari buruz osatutako filma.
Mendi Filmen aurkeztu da Edurne Pasaban komikia ere, euskal mendizaletasunaren historia komiki formatuan jasotzeko egitasmoan laugarren titulua. Hamalau zortzimilakoak igo zituen munduko lehen emakumearen ibilbidea jasotzen du komikiak, baita haren aurretik arrastoa zabaldu duten beste hainbat emakumerena ere. Pozez eta minez kontatutako istorio bat izan da.
Euskal Herriko Mendi Duatloien Zirkuituan, zazpi geltoki izan dira aurten: Asteasu, Durango, Idiazabal, Kanpezu, Aia, Ibarra eta Aduna, eta zazpi proba horien ondoren, Maddi Olaetxea usurbildarra (Gipuzkoa) eta Josu Urrestarazu idiazabaldarra (Gipuzkoa) izan dira txapeldunak. Antolatzaileak «pozik» agertu dira aurtengo martxarekin. «Lehia eta lagunarteko giroa» nabarmendu dute hala partaideek nola antolatzaileek.
Kirol eskalada
Kirol eskaladan bilakaera nabarmena gertatzen ari da azken urteotan. Eskalatzaile batzuek harkaitza eta panela uztartzen dituzte, eta beste batzuek rokodromoetan soilik eskalatzen dute. Teknikak aldatu dira, filosofia ere bai. Bidegurutze batean ote eskalada?
Bidegurutzeak bidegurutze, Janja Garnbret esloveniarrak lehengo lepotik jarraitzen du burua: aurten ere munduko txapeldun izan da bai zailtasunean eta bai boulderrean. Munduko Kopan, berriz, Erin McNeice eta Alberto Gines izan dira txapeldun.
Gure mugetatik hurbilago, Mikel Linazisoro eta Udane Mujika garaile izan dira Espainiako Kopako zailtasuneko modalitatean, Linazisoro maila nagusian eta Mujika 17 urtez beherakoetan. Biak ala biak gustura agertu ziren garaipenarekin. Astebete geroago, blokeko modalitatean ere Espainiako Kopako txapeldun izan zen Mujika, 17 urtez azpikoetan.
Mendiko eskia, iraupen eskia...
Aurtengo urtearen atzerabegirako hau egina genuela heldu zen herenegun Tablato mendiaren magalean gertatutako istripuaren berri. Jorge Garcia Dihinx pediatra espainiarra, La meteo que viene blogaren gidaria, Pirinioetan mendiko eskiari buruz dauden gida osoenen egilea, haren bikotekide Natalia Roman eta Eneko Arrastua irundarra zendu ziren ezbeharrean. Mendiminaren alde gordina, krudela, latza agerian geratu zen beste behin duela bi eguneko atzaparkadan.
Elurra gutxitan iristen da itsasoraino. Horregatik, gogoangarria izan zen duela 40 urteko elurte hura, baita Kontxako hondartzan egin zen eski lasterketa hura ere. Gogoan hartzekoa izan zen, orobat, William Bon Mardion frantsesak, mendiko eskiko munduko txapeldun ohiak eta Munduko Kopa hainbatetan irabazitakoak, urtarrilaren 25-26 asteburuan Munduko Kopako Andorrako proban izan zuen keinua. Von Mardionek irteeran besoak gurutzatu eta uko egin zion proban parte hartzeari. Olinpiar Jokoen eraginez, «kirola bere esentzia galtzen eta menditik aldentzen» ari dela salatu nahi izan zuen keinu horrekin: «Hau ez da mendiko eskia».
Benetako mendiko eskia bizi ahal izan zen otsailean Bandres-Karolo Memorialean. Marta Riba eta Daniel Izquierdo izan ziren garaile. Regil zeharkaldian, berriz, Ane Hernani eta Lur Basterretxea, eta Wilfried Jumere eta Davide Rivero izan ziren irabazle. Altitoy proban, elur eta eguraldi baldintza gaiztoak izan zituzten. Emakumezkoetan, Nahia Quincoces eta Marta Riba izan ziren irabazle. Gizonezkoetan, Louis Dumas eta Lucas Mouret frantziarrak gailendu ziren, eta Asier Labairu eta Daniel Izquierdo hirugarren izan ziren, bi etapetako bat irabazita.

Iraupen eskian, Imanol Rojok denboraldi zaila izan du aurtengoa. Mononukleosiak jota ezin izan zuen lehiatu hainbat astez. Atseden hartzeko agindu zioten medikuek, baina horrek denboraldi osoa pikutara bidaltzeko eta Cortina d'Ampezzoko Olinpiar Jokoetarako txartelik gabe geratzeko arriskua ekar zezakeen. Hori dela eta, arriskatzea eta entrenatzen hastea erabaki zuen, Trondheimeko [Norvegia] Munduko Txapelketara ahalik eta hobekien iristeko. Eta Trondheimen argia ikusi zuen berriro, batez ere 50 kilometroko proban. Denboraldian oso puntu gutxi bildu zuenez, oso atzetik ekin behar izan zion lasterketari, baina 30. bukatu zuen azkenean.
Cortina d'Ampezzoko Jokoetarako ametsari agur esan dio Iñigo Martinez de Albornoz eskiatzaileak berriki. Abenduaren hasieran, mendiko eskiko Munduko Kopako lehen proba jokatu zen Solituden (AEB), esprint modalitatean eta donostiarrak ezin izan zuen finalean sartu. Espainiako selekzioaren izenean Olinpiar Jokoetan aritzeko bi txartel zeuden jokoan Solituden, eta, azkenik, Maria Costa Diez eta Ot Ferrer kataluniarrek eskuratu zituzten, AEBetako proban finalean sartzea lortu ondoren.
Mendiko lasterketak
Sara Alonsok hurbil izan du Golden Trail World Series (GTWS) zirkuituko azken garaipena, baina, azkenik, bigarren postuarekin etsi behar izan du donostiarrak. Nolanahi dela ere, denboraldi bikaina osatu du Alonsok: apirilaren 19an zirkuituko lehen proban, Japoniako Kobe Trailen, garaipena eskuratu zuen. Ondotik, Zegama-Aizkorri mendi maratoian ere amestutako garaipena eskuratu zuen. Helmugaratzean, «barrutik negarrez» zihoala aitortu zion BERRIAri, lasterketaren osteko elkarrizketan. Munduko Trail Txapelketan, Canfrancen (Aragoi, Espainia), bigarren izan zen Alonso.

Malen Osarentzat ez da denboraldi erraza izan aurtengoa, baina duen maila eta ahala erakutsi du beste behin. Japoniako Kobe Trail proban eta Zegama-Aizkorriko maratoian hirugarren izan zen, eta Golden Trail World Series zirkuituko sailkapen nagusian ere laugarren amaitu du.
Urteko beste hainbat lasterketaren artean, Oier Ariznabarretak bederatzigarren aldiz irabazi zuen Berako maratoi erdia, eta emakumezkoetan Ainara Urrutiak lortu zuen garaipena. Domusa Teknik 40 MLK proban Mireia Pons eta Julen Calvo kataluniarrak izan ziren garaile. Euskal Herria Mendi Erronkan Oihana Azkorbebeitia eta Asier Rajado. Camille Extrem lasterketan, Irati Azkargorta eta Markel Urigoitia gailendu ziren. Tolosaldeko Ultra Trail Erronka jaioberrian, Irati Ortiz de Anda eta Stefano Rinaldi izan zirengaraile. Gorbeia Suzien entzutetsuan, etxeko bi korrikalari nagusitu ziren: Lide Urrestarazu eta Aitor Ajuria. Hiru Handiak proban, berriz, Ainara Arkarazo eta Julen Martinez de Estibariz izan ziren garaile.
Urte osoan elkarrizketatutako mendizale, alpinista, abenturazale, korrikalari eta abarren zerrenda ere oso zabala da. Hauek izan dira batzuk: Ane Miren Miralles, Joxe Ramon Agirre 'Marron', Martin Montañes eta Zigor Egia, Miriam Marco, Ainara Urrutia, Eliza Kubarska, Miren Eizmendi, Asier Labairu, Maitane Garmendia, Ibon Mendia, Helias Millerioux, Sara Alonso, Malen Osa, Aritz Egea, Itxaro Zabaleta, Mikel Zabalza, Oscar Gogorza, Bego Gonzalez eta Elixabete Arbe, Maite Maiora, Ander Gerrikaetxebarria, Suso Aiestaran, Imanol Dorronsoro, Arantza Lazurtegi, Mayi Mujika, Lur Uribarren...